Mariñelarena Alcañizen

Guaixe 2014ko urriaren 1a

Aragoiko Saria jokatzen zela probestuz, Tech 3 bere taldea bisitatu zuen

Asteburu honetan Aragoiko Sari Nagusia jokatu da, Munduko Motoziklismo Txapelketarako baliagarria. Hori dela eta, Alex Mariñelarenak bere taldea bisitatu zuen Alcañizeko zirkuituan, lasterketa jokatu baino lehen. Jakina denez, duela 7 hilabete, otsailaren 27an, eroriko oso larria izan zuen pilotu irurtzundarrak Paul Ricard zirkuituan, hain zuzen ere mundialerako entrenatzen ari zela. Koman egon zen aste betez eta oraindik bere osatze prozesuarekin jarraitzen du.

Besteak beste, Tech 3 taldeko MotoGP mailako Pol Espargaró eta Bradley Smith pilotuekin egon zen eta Moto2 taldeko Marcel Schrötter bere taldekidearekin eta bere ordezko pilotuarekin, Ricky Cardúsekin. Jakina, taldeko zuzendari Hervé Poncharalekin ere biltzeko aukera izan zuen. “Eurekin egoteko gogo handia nuen, eurek ere ikusteko nola nagoen. Aurrera egiteko balio dizu horrek eta bisitatik oso ilusionatuta atera naiz” azaldu du pilotuak. Irurtzundarrak nabarmendu zuenez, bere errekuperazio prozesuak “ongi” jarraitzen du.