Magnak beste urte batez babestuko du Xota

Guaixe 2014ko urriaren 7a

Irurtzungo kluba oraindik babesle gehiago lortzeko lanetan dabil, aurrekontua borobiltzeko

Magnesitas de Navarra enpresak beste denboraldi batez jarraituko du Xotako babesle izaten. Akordioa urtero aztertuko dute. Horren berri eman zuten enpresako ordezkari Javier Creixellek eta Xotako presidente Tatono Arregik ostiralean Zubirin egindako agerraldian. “Akordio honi esker, urteroko ekaitza xirimirian bilakatzen da” adierazi zuen Tatono Arregik. Xotako presidenteak gaineratu zuenez, Xota oraindik babesle gehiago lortzeko lanetan murgildua dabil, taldearen aurrekontua borobildu ahal izateko.

Aurten 700.000 euroko aurrekontua du klubak. “Xota Nafarroako kirol profesionalean erreferentea da, harrobia sortzeko duen mimoarengatik. Horregatik eurekin jarraitzea guretako primerako aukera da, eta plazer handia. Baloreak eta konpromisoak konpartitzen ditugu eta guk ere aurrekontu handiagoak dituzten enpresekin borrokatzen dugu, onenak izateko. Xotak egiten duen bezala. Lotura handiak ditugu” nabarmendu zuen Magnesitas de Navarra enpresako zuzendari orokor laguntzailea den Javier Creixellek.

Ekitaldian Magna Xotako kapitain Javi Eseverri eta Roberto Martil izan ziren. Magnari eta babesle guztiei bere eskerrik beroenak eman zizkieten. “Babesle nagusia badago jokalariak lasai entrenatu eta jokatu dezakegu. Irabaztea izango da gure kezka besterik” azpimarratu zuten.