Sakanako 14. Herri Lasterketan izena ematea zabalik

Guaixe 2014ko urriaren 8a

Urriaren 25ean jokatuko da, Irurtzunen. Urriaren 16a baino lehen merkeagoa da izena ematea

Irurtzunek hartuko du aurten Sakanako 14. Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia. Urriaren 25ean izanen da, 17:00etan, eta Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatuta. Proba nagusia 7,5 km-koa izanen da, eta kategoria txikiagoendako lasterketak izanen dira ere.

Kategoria txikien probak 16:00etan hasiko dira, eta bukatu bezain pronto, 16:45ean, haurren auzatea izanen da. Helduen proba nagusia, aldiz, 17:00etan abiatuko da. Ondoren helduen sari banaketa izanen da eta helduen auzatea.

Urriaren 16a baino lehen, merkeago
Izena ematea zabalik dago, urriaren 24ra arte. Horretarako www.kirolprobak.com web gunera jo behar da. Txip horia dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta egunean bertan izena ematen badute,12 euro. Aldiz, txip txuria dutenek, alokairuzkoek, 11 euro ordaindu beharko dituzte aurretik izena ematen badute eta egunean bertan 13 euro.
Baina izena azkar ematen dutenek merkeagoa izanen dute inskripzioa: urriaren 16a baino lehen izena ematen dutenen kasuan, txip horidunek 6 euro ordaindu beharko dute eta txip txuridunek 7 euro.

Kategoria txikikoek, aldiz, -aurrebenjaminetatik hasita jubeniletaraino– dohain dute parte hartzea. Probaren egunean bertan emango dute izena.