Bartzelona talde ahaltsua hartu zuen Magna Nafarroa Xotak larunbatean Iruñeako Anaitasuna pabilioian. Aurrekontu potolo batek bermatzen zuen kalitatezko talde bikainarekin atera zen kantxara Bartzelona, aurrekontu xumea duen Magna Nafarroa Xotaren harrobizko taldearekin. Izar handiak harrobizko jokalarien kontra, kalitatea bihotzaren kontra. Hori izan zen larunbateko partida.
Bi taldeek dena eman zuten. Partida bizia izan zen, erritmo handikoa. Bi taldeek gol aukera politak izan zituzten, baina Bartzelonak gauzatzen zituen bitartean, Bartzelonako Cristian atezainak Magnaren jaurtiketak gelditzen zituen. Bartzelonako Bateria jokalaria izan zen markagailua mustu zuena. 13. minuturako bi gol sartu zituen. Irurtzungo taldea etengabe saiatu zen, baina baloia ez zen kontrako atean sartzen. Bigarren zatian Magnak berehala izan zituen aukerak, eta, azkenean, 27. minutuan Tolrák Cristianen atea zulatzea lortu zuen. Bi taldeek erasoan jarraitu zuten, eta arbitroak Bartzelonaren aldeko penalty polemiko bat seinaleztatu zuen. Magnako jokalariek izugarri protestatu zuten, baina Lozanok ez zuen huts egin eta 1-3a ezarri zuen markagailuan. Magnak ez zuen etsi eta Jesulitok distantziak murriztea lortu zuen, taldearen bigarren gola sartu ondoren. Carlitosek berdintzeko aukera paregabea izan zuen, baina Cristianek gelditu egin zuen
baloia. Hurrengo jokaldian Bateriaren hirugarren gola iritsi zen. Eta nahiz eta Imanolek atezain-jokalaria jarri, Xotak ez zuen kontrako atean asmatu. Aldiz, Saadek bi gol sartu zituen eta 2-6 irabazi zuen Bartzelonak.
Arbitroekin oso kritiko
Imanol Arregi oso kritiko azaldu zen arbitroen lanarekin. “Arbitraia ez zen inpartziala izan” salatu zuen. “Betikoa kontua da eta hori ez da soilik Bartzelonarekin gertatzen, talde handi guztiekin baizik. Baliabide gutxiago dituzten taldeekin ari dira, eta eurengana gerturatzen zarenean, zu aldentzeko daude jaun horiek” gaineratu zuen. Taldeak egindako lanaren inguruan, Imanolek azaldu zuen bere jokalariek egindako esfortzuarekin “kontentu” zegoela. “Partida ona egin dugu, nahiz eta bizpahiru akats potolo egin”.
Aipatzekoa da Bartzelonarekin aritu zela Rafa Usin Magna Xotako jokalari ohia. Taldekide ohiek eta zaleek txalo artean hartu zuten Usin, eta Xota klubaren koadro bat jaso zuen opari.
Bihar, asteartean Errege Kopako partida
Bihar, asteartean Errege Kopan debutatuko du Magna Nafarroak. Valdepeñasera gerturatuko da Irurtzungo taldea, 2. mailan dabilen Valdepeñasen kontra aritzeko. Partida 21:00etan jokatuko da. Valdepeñasen lehen mailan ibili izan diren esperientzia handiko jokalariak daude, Joan, Contreras edo Kikillo tartean, eta partida konplikatua espero du Irurtzungo taldeak.
Ostiralean Burela aurkari
Errege Kopako partidatik itzuli eta atseden hartzeko denbora justua izan ondoren, ostiralean Galiziara abiatuko dira Magna Xotako mutilak, Burelaren kontra aritzeko. Egun Inter Movistar da lehen mailako liderra, 15 punturekin. Xota 10.a da, 6 punturekin. Burela egoera okerragoan dago. Galiziarrak 14.ak dira, 3 punturekin. Hortaz, aste potoloa dute aurretik Imanolen mutilek. Ea egoerari buelta eman eta Galiziatik 3 puntuekin itzultzen diren.