Atzo Errege Kopako lehen partida jokatu zuen Magna Nafarroa Xotak, Valdepeñasen. Bigarren mailan lehiatzen den Valdepeñas zuten arerio irurtzundarrek. Indartsu atera zen kantxara Valdepeñas, pabilioia betetzen zuten euren zaleen babesa zutela. Partidako lehen zatian parez pare aritu ziren bi taldeak, eta ez ziren gol aukera gehiegirik egon. Atsedenaldirako 30 segundoren faltan Victorrek Magnaren markagailua mustu zuen, eta segundo batzuk geroago Tolràk bigarren gola sartu zuen.
Bigarren zatian Valdepeñas Magna estutzen saiatu zen. Gol aukera batzuk sortu zituzten madrildarrek, baina irurtzundarrak izan ziren kontrako atean asmatu zutenak, Javi Saldisek hirugarren gola sartu baitzuen. Ondoren Dani Saldise izan zuen Pepotek babestutako atean asmatu zuena. Azken minutuetan Valdepeñasek estutu zuen eta bi gol sartu zituen, atezain-jokalari formula baliatuta. Baina ez zuten markagailuari buelta emateko aukerarik izan, Javi Saldisek Magnaren bosgarren gola sartu baitzuen. 2-5 irabazita, Errege Kopako final zortzirenetarako sailkatu da Imanol Arregiren taldea.
Ostiralean Burela aurkari
Errege Kopako partidatik itzuli eta atseden hartzeko denbora justua izan ondoren, ostiralean Galiziara abiatuko dira Magna Xotako mutilak, Burelaren kontra aritzeko. Egun Inter Movistar da lehen mailako liderra, 15 punturekin. Xota 10.a da, 6 punturekin. Burela egoera okerragoan dago. Galiziarrak 14.ak dira, 3 punturekin. Hortaz, aste potoloa dute aurretik Imanolen mutilek. Ea egoerari buelta eman eta Galiziatik 3 puntuekin itzultzen diren.