Garaipen zaporea izan duen puntua ekarri du Magnak Galiziatik

Guaixe 2014ko urriaren 20a

Burelaren kontra 4-0 galtzen egon ondoren, launa berdindu zuen Magna Nafarroa Xotak

Ostiralean Galizian jokatu zuen Magna Nafarroa Xotak, Burelaren kontra. Hasieratik Burelak hartu zuen agintea eta atsedenaldira 3 goleko errentarekin joan ziren galiziarrak. Bigarren zatian errenta kontrolatzen saiatu ziren Burelakoak. Magnako Jesulitok sartutako golak haizea eman zien irurtzundarrei eta hortik aurrera gehiago arriskatu zuten. Marc Tolràc bigarren gola sartu zuen eta Eseverrik 4-3ra hurbildu zuen Magna. Partida bukatzeko 5 minuturen faltan, Jesulitok berdinketa lortu zuen eta horrela despeditu zen partida, garaipen zaporea zuen berdinketarekin.

“Sartu zizkiguten lau golak gure akatsen erruz izan ziren eta lan asko egin behar izan dugu berdinketa lortzeko. Alde horretatik, kontentu nago lortu dugun puntuarekin. Atezain-jokalari formularekin asko arriskatu dugu, baina ongi atera zaigu” adierazi zuen Imanol Arregik partida bukaeran.

Lehen mailako sailkapen orokorrean Inter Movistar da liderra (16 puntu). Magna Nafarroa 9.a da (7 puntu). Larunbatean 9 punturekin sailkapenean 8.a den Peñiscola taldea hartuko du Magnak, 16:00etan, Anaitasuna Pabilioian.