Ia 400 moto gidarik parte hartu zuten Motorutas Moto Club taldeak larunbatean antolatutako Navarider Day jai egunean. Lehenik eta behin, Iruñetik aterata, Nafarroan barna 500 kilometro osatu zituzten 5 kontrol guneetan geldialdiak eginez: Urbasan, Ultzaman, Xabierren, Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituan eta Iruñean, helmugan. Nafarroako txoko ederretatik pasa ziren, Sakanakoetatik tartean, eta Los Arcoseko zirkuituari 3 buelta emanez gozatu ederra hartu zuten. Bukatzeko, Iruñeko Sala Canallan La Banda del jefe Bigun talde sakandarrak eskainitako kontzertuarekin borobildu zuten festa.
Los Arcoseko zirkuituan omenaldia egin zioten Alex Mariñelarenari. Istripu larritik alta eman berri dioten Irurtzungo pilotua Navarider Dayko ohorezko kide izendatu zuten. Mariñelarenak zirkuituari 9 itzuli eman zizkion Mazda MX-5 autoarekin. “Eskertuta nago eta pozik, zirkuituan egon ahal izateagatik. Eskerrik asko motorzale guztiei, eguna poztu didazue zuen animuekin” adierazi zuen irurtzundarrak Facebooken.