“Istriputik ia guztiz osatuta nago. Helburua hurrengo urtean Espainiako Abiadura Txapelketan lehiatzea da

Maider Betelu Ganboa 2014ko urriaren 24a

Alex Mariñelarena,  motoziklismo pilotua

1.Otsailaren 27an Paul Ricard zirkuituan izan zenuen moto istripu larritik 8 hilabete ondoren alta eman dizute. Guztiz osatuta zaude?
Istripu oso larria izan nuen. Ia aste batean egon nintzen koma-induzituan eta gero errekuperazio prozesua oso luzea izan da. Baina orain praktikan ia guztiz osatuta nago. Soilik oreka arazoak ditut. Orekan nituen arazoak %90ean gainditu ditut eta oraindik erabateko oreka errekuperatzeko lan egin behar dut, baina egunerokotasunean ez dit eragiten. Aurreko asteazkenean eman zidaten alta errehabilitazioan, eta aldaketa horrekin sentsazioak onak dira, eta sentimenduak positiboak.

2.Nola izan dira 8 hilabete hauek?
Zalantzarik gabe nire bizitzako hilabeterik gogorrenak. Istripu larria izan nuen eta horren ondorioz nire kirol bizitzan eta proiektuetan gauzak asko aldatu dira. Amets baten hasieran nengoen: Mundialean parte hartu behar nuen, Moto2 kategorian, Tech3 taldearekin. Baina ezusteko istripu horrengatik dena joan zen pikutara.

3.Egun Tech3 taldeko kide izaten jarraitzen duzu?
Egun Tech3 talde frantziarrarekin dudan kontratua indarrean dago, baina aurten ezingo naiz moto gainean aritu eta kontratua 2014 urterako zenez, ezingo dut eurekin jarraitu. Nahiz eta istripuaren ondorioz beraiekin aritzeko aukerarik ez izan, aurre denboraldian eman zidaten babes guztia eta Mundial guztia beraiekin aritzeko eman zidaten aukera eskertu nahi diet. Nire kirol maila nolakoa den egiaztatzeko proba egitea ahalbideratzea ere eskertu nahi diet Hervéri eta talde guztiari.

4.Zeintzuk dira orain zure helburuak? Epe laburrean moto gainean ikusten al duzu zure burua?
Egungo helburua fisikoki ahalik eta hobekien egotea da, epe laburrean motor gainean igo ahal izateko. Lehenbailehen lehiaketara bueltatzearen inguruko berriak eta nobedadeak ematea gustatuko litzaidake, baina gaur egun soilik gauza bat esan dezaket, argi dudala nire helburua hurrengo urtean Espainiako Abiadura Txapelketan aritzea dela, FIM CEV Repsol txapelketako Moto 2an lehiatzea. Egitura eta taldeari buruz berririk izan bezain pronto Facebook eta Twitter bidez jakinaraziko dut.

5.Fisikoki ahalik eta hobekien egoteko zer egiten duzu?
Horrenbeste pisu galtzean muskulatura ere galdu nuen, eta eskumuturrak eta sorbalda indartzeko Lekunberriko gimnasioan entrenatzen dut. Horretaz gain, korrika egitera joaten naiz.

6.Espainiako Abiadura Txapelketan (CEV) aritu ahal izateko administrazioaren eta talde pribatuen inplikazioa eskatu duzu. Proposamenik jaso al duzu?
Bilerak izan ditut, baina oraindik ezin dut ezer aurreratu.

7.Taldea izateko negoziaketetan zaude? Aukerak ikusten dituzu?
Egitura sendo baten parte izatea espero dut, nire maila berreskuratzea ahalbideratuko didana. Lehenbailehen eman nahiko nuke horren berri, baina guztia argi eta ongi lotuta izan arte ez da posiblea.

8.Istripuaren ondoren bizi izan duzun prozesu gogor honetan jende askoren babesa izango zenuen, ezta?
Bai, senitartekoen eta lagunen erabateko babesa izan dut. Eta ospitaleetako eta errehabilitazioko mediku eta erizainek emandako laguntza eskertu nahi dut ere.

9.Bizitza beste alde batetik ikusteko balioko zizun honek.
Akatsetatik ikasten dela dio esaerak. Istripuarekin pilotuek bizi dugun munduaren errealitateaz jabetu naiz. Oso mundu zaila da gurea. Errendimendu optimoena lortzeko hainbat faktoreren menpe zaude; ez da soilik lan handia egitea, esfortzua eta ilusioa. Emaitzaren zati handi bat jasotzen duzun babesaren eta zu zauden egitura tekniko eta mekanikoaren menpean dago. Nik zorte handia izan dut Targobank Motorsport egiturako kide izan naizelako. Taldeak egun emaitza bikainak lortzen jarraitzen du eta FIM CEV Repsol txapelketan erabat sendotuta dago. Nire helburua atzera ere Espainiako Abiadura Txapelketan, FIM CEV Repsolen aritzea da. Eta arituko naizen taldearen izenaren berri ahal dudan bezain pronto emango dut.

10.Larunbatean motorzaleen Navarider jai eguneko ohorezko kide izendatu zizuten.
Bai, 400 motorzale inguruk hartu zuten parte Navarider Day egunean. Nafarroatik barna 500 km-ko ibilbidea egin zuten eta Sakanatik ere pasa egin ziren. Urbasan, Ultzaman, Xabierren eta Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituan geldialdia egin zuten, Iruñean bukatzeko. Los Arcosen Navarider jai eguneko ohorezko kide izendatu ninduten eta zirkuituari 9 itzuli emateko aukera izan nuen Mazda MX-5 autoarekin. Oso eskertuta nago eta pozik. Eskerrik asko motorzale guztiei, eguna poztu baitzidaten euren animoekin.

11.Zortea alde izan dezazula, Alex.
Eskerrik asko guztioi.