Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak aurten Irurtzunera eraman du Sakanako Herri Lasterketa-Burundesa Sari Nagusia. Proba antolatzeko Dantzaleku-Sakana klubaren, Irurtzungo Udalaren eta Irurtzungo Erga Larreak, Guan, Pikuxar, Iratxo eta Jubilatuen elkarteen laguntza izan du. Beste behin, Burundesa izango da Sakanako Herri Lasterketaren babesle nagusia. Proba asteartean aurkeztu zuten Mank-eko teknikari Amaia Gerrikagoitiak, Irurtzungo udal zinegotzi Felix Rubiok, Pikuxarreko Ipi Lizarragak eta La Burundesako ordezkari Javier Fonsecak. “Burundesa babesle nagusiaren eta Irurtzungo komertzio guztien laguntza eskertu nahi dugu, proba antolatzea ahalbideratu dutelako” adierazi du Gerrikagoitiak.
Sakanako Herri Lasterketarekin atletismoa sustatu nahi da, bereziki krosa. Aldi berean, Sakanako herriak ezagutarazi nahi dira, eta bertako kultura eta hizkuntza, euskara, sustatu nahi dira. Horrela, euskara izango da proban erabiliko den hizkuntza. “Altsasu inguruan oso sustatua dago atletismoa, eta baita Sakanako beste hainbat herritan ere. Lasterketa asko antolatzen dira Altsasun, Bakaiku-Iturmendin, Ergoienan eta aurten Ziordian ere. Horrek Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria antolatzera eraman gintuen. Aurreko urtean ere 97 sakandarrek hartu zuten parte Behobia-Donostian. Sakanako Herri Lasterketa edozeini zabalik dago, baina bereziki sakandarrei” gaineratu du Gerrikagoitiak. Horrela, lehen hiru sakandarrek saria izanen dute, herriko produktuen loteak.
Herriguneko zirkuitua
Lehenik eta behin kategoria txikikoen probak jokatuko dira, 16:00etan. Horretarako Irurtzungo plaza erdigune hartuta zirkuitua diseinatu dute. Aurrebenjaminek 200 m, benjaminek 400 m eta kimuek 900 m osatu beharko dituzte. Proba bukatuta, 16:45ean, haurren merendua burutuko da.
Helduen proba 17:00etan abiatuko da, Irurtzungo plazatik. Herrian barna 3,750 km-ko zirkuitua prestatu dute. Kadeteek buelta eta erdi eman beharko diote (5 km) eta jubenilek, seniorrek eta beteranoek, aldiz, 2 buelta (7,5 km). “Ahalik eta zirkuiturik lauena egiten saiatu gara, Irurtzunen orografia kontuan hartuta, gauza nahiko zaila. Plazatik Amaia kalerantz abiatuko dira korrikalariak, igerilekuetarantz, eta Lizarra kaletik berriro plazara iritsiko dira. Bi Haitzpe kaletik jarraituko dute, kasik ibairaino eta industrialdetik buelta hartuko dute, Bi Haitzpe kaletik atzera ere plazara iristeko. Zirkuituari bi buelta emango zaizkio eta kadeteek bat eta erdi. Kadeteei peto bat jarriko diegu, ezberdintzeko” azaldu zuen Pikuxarreko Ipi Lizarragak, korrikalaria ere badenak. Nahiz eta korrika egiten duen jendea egon, Irurtzunen ez dela lasterketarik antolatzen gaineratu zuen, eta horregatik pozik hartu dute Sakanako Herri Lasterketa Irurtzunen jokatzea.
Eguraldia lagun, parte hartze polita espero dute
Larunbaterako eguraldi iragarpenak dio eguraldi ona egingo duela eta hori parte hartzean nabarituko da. “60 neska-mutiko eta 100 heldu inguru espero ditugu” azaldu du Amaia Gerrikagoitia teknikariak. Lasterketan parte hartzera animatu dute antolatzaileek. “Behobia-Donostia proba prestatzeko ere egokia izanen da” gaineratu dute. Zerbitzu medikuak DYAren esku egongo dira. Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak proba antolatzeko Ipe Lizarragak, Aingeru Mikeo kultur teknikariak eta Irurtzungo Udalak izandako prestutasuna eskertu zuen. “Gauzak izugarri erraztu dizkidate. Gainera, Irurtzungo komertzio eta denden eskuzabaltasuna eskertu nahi dut, erantzun bikaina izan baitugu”. Jakina, La Burundesarendako esker oneko hitzak izan zituen ere, urte luze hauetan babesle nagusia izateagatik. “Ekimenak aurrera ateratzeko mundu guztiak eman behar du bere laguntza eta gu Sakanako Herri Lasterketa babestearekin kontentu gaude” erantzun zuen Burundesako Javier Fonsecak.
Sariak eta zozketak
Lehendabiziko hirurei, gizonezkoei eta emakumezkoei, Irurtzungo komertzio eta dendek oparitutako bertako produktuen loteak banatuko zaizkie, eta lehendabiziko hiru sakandarrei ere bertako produktuen loteak. Lehen kadeteek, lehen jubenilek eta lehen beteranoek ere (35-49 urte, 50-59 urte eta 60 urteetatik aurrera) bertako produktuen loteak jasoko dituzte. Bestalde, kategoria txikikoetako lehendabiziko hirurek domina jasoko dute, kategoria guztietan: aurrebenjaminak, benjaminak, kimuak eta haurrak.
Horretaz gain, bertako dendek emandako makina bat bertako produktuen loteak banatuko dira. “Ia guztiak joango dira zerbaitekin” dio Gerrikagoitiak. Eta aparte, guztien artean ondoko produktuak zozketatuko dira: Irurtzungo jatetxeetan bazkariak eta afariak, Peio Goikoetxeak eta Oreka fisioterapiak emandako masajeak eta Irurtzungo merkatariek oparitutako makina bat opari. Proba bukatzean auzatea izango da korrikalariendako.
Izena ematea: aurretik eta egunean bertan
Izena ematea zabalik dago www.kirolprobak.com web gunean, urriaren 24ko 14:00ak arte (10 euro txip horia dutenek eta 11 txip txuria edo alokairuzkoa dutenek). Baina aurten, nobedade moduan, egunean bertan ere izena eman ahalko da, Irurtzungo udaletxean, 14:30etik 16:30era (12 euro txip horia dutenek eta 13 txip txuria edo alokairuzkoa dutenek).