Magna Xotak Peñiscola menpean hartu zuen

Guaixe 2014ko urriaren 27a

Partidako ohorezko xakea Alex Mariñelarena pilotu irurtzundarrak egin zuen

Larunbatean Peñiscola hartu zuen Magna Nafarroa Xotak, Anaitasuna pabilioian. Partida hasi baino lehen bi taldeetako jokalariak ilaran jarri ziren, Alex Mariñelarena pilotu irurtzundarrari harrera egiteko. Izan ere, Mariñelarenak partidako ohorezko xakea egin zuen eta oroigarria jaso zuen.

Partida hasi eta berehala Peñiscolak aurreratzea lortu zuen. Imanol Arregiren mutilei kosta egin zitzaien partidan sartzea. Hainbat gol aukera izan zituzten berdeek, baina Peñiscolako Ivan atezainak guztiak gelditu zituen. Azkenean Dani Saldisek markagailua berdintzea lortu zuen, Jesulitoren pase bikain bat probestuz. Golaren ondotik dominatzera pasatu zen Magna. Atsedenaldiaren ondoren garaipena lortzera atera ziren irurtzundarrak. Victorrek 2-1 aurreratu zuen Magna, eta nahiz eta berdeek aukera gehiago izan, Ivan atezainak gelditu zituen. Minutu bateko tartean Eseverrik eta Victorrek bi gol sartu zituzten eta 4-1 irabaztera pasa zen Magna. Penalty bat gelditu zuen Peñiscolak. Peñiscola atezain-jokalari formularekin distantzia gutxitzen saiatu zen eta partida bukatzear zegoela bigarren gola sartu zuten, baina partidak ez zuen gehiagorako eman. Bukaeran, 4-2 gailendu ziren irurtzundarrak.

“Partida ona egin dugu. Jokoan, ordenean eta intentsitatean ongi ibili gara eta uste dut merezitako garaipena lortu dugula” adierazi zuen partida bukaeran Imanol Arregi entrenatzaileak.

Sailkapen orokorrean Inter Movistar da liderra (16 puntu). Magna Nafarroa 9.a da, 10 punturekin. Ostiralean 12 punturekin 5.a den Palma Futsal taldearen kontra ariko da Irurtzungo taldea, Palman.