Pisuko suteak ez zuen kalte pertsonalik sortu

Guaixe 2014ko azaroaren 3a

Suhiltzaileak Irurtzunen lanean.

Keak toxikatuta Nafarroako Ospitale Gunera eraman zituzten ama-semeak. Gainontzeko auzokideak, 20 bat, bi orduz egon ziren etxetik kanpo.

Larunbatean, 6:33an, sua piztu zen Behetiko Erreka kaleko lehen zenbakiko 2. solairuko pisu batean. Antza egongelan piztu zen sua eta han kalte handiak eragin zituen, pisuko gainontzeko gelak keak belztuta gelditu ziren. Etxeko semeak bere kabuz ateratzea lortu zuen. Amak balkoian bilatu zuen babesa eta bi auzokidek lortu zuten handik ateratzea.

Altsasuko eta Cordovillako suhiltzaileen patruilak eta Irurtzungo osasun etxeko mediku taldea mugiarazi zituen Larrialdi Zerbitzuak. Azken horien aholkuz eraman zituzten etxekoak ospitalera. Suhiltzaileek sua mendean hartu eta aireztatze lanak 8:30erako despeditu zituzten. Orduan bueltatu ahal izan ziren euren etxeetara Guardia Civilak behin behinean etxetik aterarazi zituen auzokideak. Sutearen ikerketan azken gorputz horrek hartu du bere gain.