Atakondoako Guraso Elkarteak, Itxipuruk, Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuak eta Sakanako Immigrazio Zerbitzuak, Atakondoako eskolaren laguntzarekin, erabilitako jostailuen trukaketa azoka antolatu dute larunbatean, 11:00etatik 14:00etara Irurtzungo plazako arkupeetan.
Jostailuen azokan parte hartuko dutenek egoera onean dauden jostailuak eraman dituzte aste honetan Atakondoako eskolako sarrerara. Gaur, ostirala, izan dute azkeneko eguna. Eskolan euren jostailuak uztearekin batera txartel bat jaso dute trukean. Txartel hau biharko azokara eraman behar dute, eta bertan dagoen jostailu batengatik aldatzeko aukera izango dute. Jakina, aste honetan guztian eskolan jaso dituzten jostailuak azokan jarriko dira, trukagai. Haurrek denetatik aurkituko dute azokan: pelutxeak, panpinak eta mota guztietako jostailuak.
Ekimenarekin, batetik jostailuak izateko zailtasunak dituzten umeei haiek izateko aukera eman nahi diete, eta, bestetik, trukaketaren balioa sustatu nahi da. Irurtzunen duela urte batzuk sortu zen aipatu azoka, eta arrakasta handia izaten du ekimenak.
Jostailu trukaketaz gain, Irurtzungo azokara hurbiltzen diren neska-mutilek joko kooperatiboekin, ohiko jokoekin eta baloreen balioaren jolasarekin jolasteko tartea izango dute.
Senegal
Soberan geratzen diren jostailuak umeen esparruan lan egiten duen Senegaleko GKE batera eramango dira.