Herri-musikari eskainitako zikloa Maria Salgadok zabalduko du bihar. Zamorako Toro herrian sortua, joan den mendeko 70.eko hamarkada akaberatik dabil kantari. Hainbat egilerekin lehenik, bakarka ondoren, Gaztelako musika izan du oinarri. Argitara eman dituen dozena bat diskoetan sorterriko doinuak Kubakoekin, Portugalgoekin, Galiziakoekin, Sudangokekin, sefardiekin, uztartu, aberastu eta eguneratu ditu, beti ere oinarri garbi izanda. Poesia gaztelarra ere musikatu du eta Gaztelako habanerak ezagutzera eman ere bai.
Salgadok bere emanalditan, testuen poesiarekin batera, sentiberatasun handia erakusten du. Gai ugariri kantatzen dio zamorarrak eta kontzertuetan hainbat “harribitxi” eskaintzen ditu.
Ordorika
Gaztelako musikaren ondoren Euskal Herriaren txanda izanen da Folk Ametsetan zikloan. Ruper Ordorika kantaria izanen da Irurtzunen. Oñatiarra euskal kantagintzako bakarlari nabarmenetako bat da eta bere ibilbidean folka, herri kantuak eta rocka landu ditu. Kantutegi zaharretik, olerkarietatik, rock-etik eta blusetik edan du Ordorikak eta hala jaso du bere sormenean. 80ko hamarkadan ekin zion ibilbideari doinu elektro-akustikoekin. Hamarkada aldaketak rock-era hurbiltzea ekarri zuen. Garai hartan hasi zen Hiru Truku taldearekin herri kantagintza lantzen. Ibilbide oparoko kantaria etzi bakarka ariko da Irurtzungo kultur etxean.
Zikloaz
Folk Ametsetan zikloak 23 urteko ibilbide oparoa du. Baztango, Castejongo, Irurtzungo, Lekunberriko eta San Adriango udalen ekimenez aurrera egiten du. Urte horietan makina bat herrialdetako herri-musika ezagutarazi du, besteak beste, Afrikako eta Karibeko erritmo biziak, gospel, jazz eta blues sakonak, musika zelta, countrya edota flamenkoa.
Egitaraua
Maria Salgado
Azaroaren 8an, larunbatean, 19:00etan Irurtzungo kultur etxean.
Ruper Ordorika
Azaroaren 9an, igandean, 19:00etan Irurtzungo kultur etxean.
Desvarietes Orquestina
Azaroaren 16an, igandean, 19:00etan Irurtzungo kultur etxean.