Mariñelarena Ricardo Tormo Zirkuituan

Guaixe 2014ko azaroaren 10a

Motoziklismo Mundialeko azken proban egon zen, Tech3 taldea agurtzen

Asteburuan 2014ko Munduko Motoziklismo Mundialeko azken proba jokatu zen, Valentziako Chesteko Ricardo Tormo zirkuituan. Marc eta Alex Marquez eta Tito Rabat izan dira txapeldunak. Mundial honetan Tech3 taldearekin aritzekoa zen Alex Mariñelarena, baina otsailean Paul Ricard Zirkuituan entrenatzen ari zela izandako istripu larriarengatik Mundialik gabe geratu zen irurtzundarra. Askoz hobe dago Mariñelarena eta asteburuan Valentziako zirkuitura hurbildu zen, taldekideak agurtzeko. “Nahiko nuke Moto2ko Mundialean atzera ere parte hartzeko aukera izatea, baina lehendabiziko gauza istripuaz guztiz osatzea da, eta 2015eko hasieran nire pilotu errendimendua zein den ikustea” adierazi du irurtzundarrak sare sozialetan Tech 3 eta Targobank bere talde ohiei onena opa die eta eskerrik beroenak eman nahi dizkie.