Jostailuen bigarren aukera

Guaixe 2014ko azaroaren 11

Haiekin aspertu eta etxeko txoko batean baztertuta zeuden jostailuei bigarren aukera eman zieten larunbatean Irurtzunen. Pasa den aste guztian Atakondoa eskola publikoan jasotako jostailu eta jokoak truke azokarako lehengai bihurtu ziren. Irurtzungo eta Arakilgo txikitxoek ikastetxean jasotako txartelarekin, asko begiratu ondoren, etxera jolas berri bat eramateko aukera izan zuten. Horretaz aparte, hainbat jostailuekin jolasteko eta jolasean aritzeko aukera izan zuten haurrek. Soberan gelditu ziren jostailuak Senegalgo umeekin lan egiten duen gobernuz kanpoko erakunde bati eman zieten.

Atakondoako Guraso Elkarteak, Itxipuruk, Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak eta Sakanako Mankomunitateko Inmigrazio Zerbitzuak antolatu zuten jostailu trukaketa. Helburua “neska-mutilak trukaketak dituen onuren inguruan sentsibilizatzea da, “elkarbanatzearen eta aldatzearen baloreak transmitituz”. Aldi berean, txikiei “zaharrak balioa duela” ikusarazi nahi izan zieten, “jostailuen kontsumoaren aurrean jarrera kritikoa sustatuz”.

Argazkiak: Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzua.