Folk ametsetan musika zikloa despeditzeko, etzi Desvarietes Orquestinal Cosmopolitan Cabaret ikuskizuna ekarriko du. Belle Epoque eta 20. hamarkadako musika alaia, komikoa eta seduktorea ekarriko dute, ekonomiak ondoa jo zuenean gizarteari dibertitzeko eta baikortasuna mantentzeko balio izan zion musika.
Laukoteak Europa eta Amerikako kabareten barnako bidaia proposatuko du, alemaniar kabareteko klezmerretik abiatu, kuplea, swinga, fox-trot, txarleston, balada, ragtime, dixie, tangoa eta AEBko musik-hallera arte. Orduko divei eta konposatzaileei omenaldia eginen diete. Izaera kosmopolitako kantuak eskainiko ditu Desvarietes Orquestinak Irurtzunen, gaztelaniaz, alemanez, ingelesez eta frantsesez abestuz. Guztia Art Decon inspiratutako estetikarekin.
Garai bateko alaitasuna, xamurtasuna, xarma eta exzentrizikotasuna oroitarazten duen musika ekarriko dute eskarmentu handiko musikariek, instrumentuen ezohiko konbinazioa osatuz: Jasmina Jolie (ahotsa, Kroazia), Scott A. Singer (akordeoia, AEB), Andrea Szamek (biolin-tronpeta, Hungaria) eta Miguel Angel Bestard (Tuba, Mallorka).