Senegalgo mediku kontsultategi baten aldeko bigarren eskuko azoka

Guaixe 2014ko azaroaren 14a

Igandean, 10:00etatik 14:00etara Irurtzungo Foru plazan.

Egoera onean dauden eta erabiltzen ez diren objektuei bigarren aukera bat ematea eta haien salmentarekin elkartasun proiektu bat laguntzea. Bi helburu horiek ditu Itxipuru elkarteak elkartasun azoka antolatzen duen bakoitzean. Etzi liburu, disko, arropa, sukaldeko tresneri, altzari, jostailu eta abar jarriko ditu salgai, kontsumo arduratsua sustatu asmoz.

Euro bat eta hamar euro artean izanen dira salgai gehienak. Azokako etekinak oraingoan Senegalgo mediku kontsultategi-amaetxe bat zaharberritzera bideratuko da. 3.000 pertsonako populazioari ematen dio zerbitzua eta kontsultategia konpontzeko 4.760 euro behar dira. Sonrie que no es poco elkarteak aurkeztu du egitasmoa.

Egitasmoa
Sally-Velingara herri txiki bat da, M´Bourtik gertu, Thiès eskualdean, Petite-Côten. Dakar hegoaldean, 80 km-ra dago. Helburua Sally-Velingara herritarren higiene eta osasun baldintzak hobetzea da, baita dagoen kontsultategi-amaetxea egoki hornitzea ere. Bi neurri horiekin herritarren osasuna hobetu eta haurren hilkortasuna murriztu nahi da. Aldi berean, gaixoei harrera egokia egin eta euren osasun-egoera hobe ulertzeko osasun-hezkuntza ona eman nahi zaie.

Senegalen osasun arreta ez da doakoa eta herritar gehienak ez dute nahikoa dirurik kontsulta, erradiografia edo botikak ordaintzeko. Beraz, antibiotikoekin edo sendaketa arrunt batekin senda daitekeen infekzio arrunt batek edo birusak heriotza eragin dezakete.

Egitasmoak 4 eta 21 urte bitarteko haur tabilei zuzenduta dago. Baliabiderik ez duten familiek eskola koranikoetako irakasleei, marabuei, emandako haurrak dira talibeak. Marabu batzuek euren onurarako haurren ongizateaz arduratu beharrean eskean aritzera behartzen dituzte talibeak. Horrek haurrak hainbat arriskuren aurrean jartzen ditu: gaitz fisiko (sukar horia, kolera, malaria, HIESa…) eta psikikoak, sexu erasoak, hezkuntza falta… Batere etorkizunik ez, beraz.

Gehiago
Salgaiekin batera bestelakoak ere izanen dira igandeko azokan. 10:30ean trikitilari eta pandero-joleak izanen dira. 13:00etan, berriz, Afrikako dantza eta perkusio emanaldia izanen dira. Goizean barna, bestalde, haurrendako eskulan, aurpegi margotze, trentza tailer eta beste izanen dira. Ohi bezala, jan-edanak ere izanen dira.

Proiektuaren datuak  
Ur ekarria 1000
Iturgintza materiala 200
Komunen hobi septikoa 500
Itxitura   1.300
Pintura  600
Argindar materiala 250
Ate, leiho, zoru… konpondu 480
Altzariak 430