Senegalen aldeko bigarren eskuko azoka

Guaixe 2014ko azaroaren 17a

Itxipuruk antolatuta, udazkeneko bigarren eskuko azoka hartu zuen Biaizpe frontoiak. Senegalgo herri batean mediku kontsultategi-amaetxe bat berritzeko bideratu zen jasotako dirua. Ekimenaren sustatzaile Amaia Alonso Sanchez azokan izan zen.

Arropa, liburu, jostailu, disko, elektra tresna eta abarrei bigarren aukera bat eman zien Itxipuru taldeak igandean. Bigarren eskuko azokan eskuragarri jarri zituen eta makina bat sakandar izan ziren Biaizpe pilotalekutik mauka bila pasa zirenak. 1.500 euro inguru eskuratu zituen Itxipuruk Senegalgo Sally-Velingara herriko mediku kontsultategi-amaetxea konpontzeko. Itxipuruk, ohikoa duenez, lagunduko duen proiektuaren aldeko elkartasun afaria ere antolatuko du. Abenduaren 5ean izanen da, Pikuxarren. Izen ematea asteburuan zabalduko da.