Etengabeko 25 urteko dantzak

Guaixe 2014ko azaroaren 21a

Bihar, larunbata, 13:30etik aurrera Irurtzunen Orritz dantza taldeak bere 25. urteurrena ospatuko du.

Fenix hegaztiaren antzera sortu zen Orritz dantza taldea, aurreko talde baten errautsetatik. Aurretik arakildarrak biltzen zituen dantza talde batean aritutako hiru pertsona 1989ko lastaileko egun batez elkartu eta dantza talde berri bat sortzeko konpromisoa hartu zuten. Urtebeteko entseguen ondoren, Berueteko festetan mustu zen Orritz. Irurtzunen, berriz, San Martin festetan. Ordutik gaur arte, etenik gabeko 25 urteko jarduna izan du Orritz dantza taldeak.

Urteurrena ospatzeko garagartzaroaren 14an Nafarroako Dantzari Eguna Sakanan eta, bereiziki Irurtzunen, ospatu zen. Herrialde guztiko 700 dantzari elkartu zituen Orritzek urteurrena dantzan ospatzeko. Baina etxekoendako ospakizunak udatzenerako utzi dituzte. Bihar elkartuko dira taldeko dantzariak, dantzari ohiak eta aurretik izandako taldeetan aritutako dantzariak ere.

Taldea
Ikasturtean zehar Irurtzun eta inguruko herrietako 15 eta 30 dantzari artean elkartzen dira entseguetan. Haiei 5 eta 14 urte arteko dantzari txikien taldea eta helduendako ematen dituzten dantza ikastaroak gehitu behar zaizkie. 15 urte dira ere Orritzen erraietatik Iskidi joaldun taldea eta pertsonaia mitologikoak sortu zirela.

Orritz dantza taldea kultur eragile dinamikoa dela agerian utzi du bere ibilbidean. Herrietan eta atzerrian (urtero) eskainitako dantza emanaldiez aparte, udaberriro dantza jaialdia antolatzen du Irurtzunen. Taldeak kultur dinamika finko bat eskaini dio Irurtzuni, baita bertako eta inguruko gazteek parte hartzeko bitarteko bat ere. Beste eragileekin harremanetan, elkarlanerako prest, euskararen ikuspegitik Orritz erabilera bermatzen duen arnasgune bat da Arakilen. Bihar afaltzera 150 bat dantzari eta dantzari ohi elkartuko dira.

Aurrekariak
Orritzekoak dantzan hasi aurretik izan ziren dantza taldeak aurretik. Pasa den mendeko 60ko hamarkadan hainbat pertsona elkartu eta entseatzen hasi ziren. Gizartearen testuingurua, ordea, ez zen errazena; euskararekin eta euskal folklorearekin lotutako jarduerak ez zeuden ongi ikusiak eta, beraz, ezta hartan aritzen zirenak ere. Ez zen talde handia izan eta bitarteko faltagatik hilabete batzuk besterik ez zituen iraun.

Lagun Berriak elkartearen beste jarduera baten modura sortu zen Grupo de Danzas de Irurtzun 1973 urte inguruan. 17 eta 19 urte bitarteko irurtzundarrek osatu zuten taldea. Aurreneko emanaldia Trinitateko festetan egin zuten (1973-06-09) eta lauzpabost urtez martxan izan zen.

Aurreko taldearen jarduna gelditu ondoren, 1978an, Grupo de Danzas del Valle de Arakil taldea hasi zen. Irurtzundarrak, ihabardarrak, irintarrak, arbizuarrak, Etxarri-Larraungoak eta beste herritako kideak zituen. Zenbait urtez jatorrizko izenari eutsi zioten, harik eta aldatzeko ideia sortu zen arte. Entsegu batean jasotako izen proposamen guztien artetik Orritz izan zen aukeratua (Unanu eta Dorrao arteko toponimo bat, Leziza aldean, Beriain magalean). Dantza taldeak XX. mendeko 80ko hamarkada erdialdera arte eutsi zion, jende faltagatik desegin arte. Horretarako arrazoietako bat taldekide kopurua murrizten zuen soldadutza izan zen. Talde haren izena, armarria eta zigilua hartuko zuten hamarkada bukaeran jardunera bueltatuko zirenek.

Egitaraua
13:30ean Haize Berriak banda, Irurtzunen barnako kalejira.
18:00etan Dantzarien kalejira, Atakondoako patiotik hasita.
18:30ean Dantza saioa, Biaizpe pilotalekuan.
22:30ean Afaria, atakondoako jantokian.