Euskarazko ekitaldi sorta prestatu du Aizpeak

Guaixe 2014ko abenduaren 2a

Bihar, Euskararen Nazioarteko Egunean zabalduko dute egitaraua Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eta hilaren 29ra arte irurtzundar guztiendako moduko eskaintza dago.

Hutsik egin gabe, urteroko hitzorduari fidel, Irurtzungo Aizpea Euskaltzaleen Topaguneak prest du dagoeneko Euskal Ekitaldiak 2014 egitaraua, Irurtzungo Udalaren Kultur Kontseiluaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz antolatu duena. Aizpeatik antolatutako ekitaldietan parte hartzera gonbidatu dituzte irurtzundarrak. Gainera saria izan dezakete, parte-hartzaile guztien artean Erriberako euskalgintzaren aldeko Errigorako hiru zare zozketatuko baitira.

Egitaraua prestatzerakoan Aizpeako kideek irurtzundarrei euskaraz aritzeko espazioak, guneak, eskaini nahi dizkiete. Ekitaldietan elkartzen diren irurtzundarrak euskaldunak direla konturaraztea da helburua, Irurtzunen euskaraz norekin hitz egin badagoela ohartarazteko. Aurkeztutako egitarauak, beraz, irurtzundarrei elkarrekin euskaraz aritzeko plazak eskaintzea du helburu. Bide batez, Irurtzunen euskal kulturari ere bultzada eman nahi dio Aizpeak. Abenduan herritarrek zerekin gozatu badutela uste dute antolatzaileek.

Hasieran balearekin lotura
Ohikoa den moduan Euskal Herriko pailazo ospetsuenek zabalduko dute egitaraua, aurreko urteetan bezala ikuskizun berria mustuz. Aurten Txo, mikmak txikia ikuskizun berria ekarriko dute Irurtzunera. Itsasoaren beste aldetik Euskal Herrira heldu den Mikmak indio Roke aitonarekin topo egin du. Roke zurgina da eta esna dagoela zurezko ametsak egiten ditu. Bestalde, plastikozko zabortegia bihurtu den itsasotik bale bat gaixo iritsi da. Abiapuntu horrekin txikienek ederki pasatzeko aukera izanen dute.

Baleekin lotura du Euskal Ekitaldiko bigarren eskaintzak, Aizpeak Albaola fundazioaren Pasaiako ontziolara bisita prestatu baitu. Han, Sakanako haritzekin, Ternuan urperatutako San Joan baleontziaren errepika egiten ari dira, eta lanak ikusteko aukera izanen da heldu den larunbatean.

Egitaraua
Txo, Mikmak txikia
Abenduaren 3an, asteazkenean, 17:00etan kiroldegian. Pirritx, Porrotx Eta Mari Motots.

lbaolara txangoa
Abenduaren 6an, larunbatean, 9:00etan autobus geltokitik.

Euskal Herriko altxorren barrena
Abenduaren 12an, ostiralean, 20:00etan Iratxo elkartean. Arkaitz Astiazaranen bideo emanaldia.

Orpoz orpo liburuaren aurkezpena
Abenduaren 17an, asteazkenean, 18:30ean liburutegian. Ernesto Prat Urzainki.

Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi
Abenduaren 20an, larunbatean, 21:30ean Iratxo elkartean bertso afaria.

Euskarak 365 egun lip-duba
Abenduaren 21ean, igandean, 10:00etan.

Lip-duba, ITB eta Gure Esku Dago
Abenduaren 29an, astelehenean, 18:30ean eta 19:00etan kultur etxean.

Sarrerak eta txartelak
Asteazkeneko pailazoen emanaldirako sarrerak Martxuetan eta Pikuxarren daude 6 eurotan salgai. Bestalde, Pasaiara San Joan baleontzia nola egiten ari diren ikustera joan nahi duenak 20 euro ordaindu beharko du (bazkaria barne dago). Azkenik, bertso-afarira joan nahi duenak 15 euro ordaindu beharko ditu. Ikasleek eta langabeek, berriz, 10.

Irakurketarako gonbitea
Abenduaren 17an Ernesto Prat Urzainkik bere liburua aurkeztuko du Irurtzungo liburutegian. Umorea, sexua eta klandestinitateko pasadizoak jasotzen dira liburuan. Aizpeatik posible balitz liburua irakurrita joatea gonbidatu dute, hala sortutako kezkak, zalantzak, sortutako galderak eta bestelakoak egileak argituko baititu.