Abenduaren 3ko, Nafarroaren eta Euskararen Eguneko hitzorduari hutsik egin gabe hasi ziren Aizpea euskaltzaleon topaguneak antolatutako Euskal Ekitaldiak. Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen ikuskizun berriak 1.500 pertsona erakarri zituen. Hiru egun geroago Aizpeak Pasaian dagoen Ondartxo ontziolara joateko irteera antolatu zuen. San Juan baleontziak ere irurtzundarren jakin-mina piztu zuen. Autobusa bete eta beste hiru autotan joan behar izan zuten batzuk, guztira 62 pertsona. Ezagutza nahia ederki asetu zuten. Pena bakarra egun euritsua izan zela, udan bueltatzea pentsatzen hasiak dira.
Euskal Ekitaldiek ez dute etenik eta, gaur, Arkaitz Aztiazaranen Euskal Herriko altxorren barrena dokumentala ikusteko aukera izanen da. Astiazaranek 2013ko udaberrian Euskal Herrian barna 4.400 km ibili zituen bizikletan. 37 etapatan 800 herri eta 175 mendate pasa zituen. Motxilan bideo-kamera eraman zuen eta hartu zituen irudiak dira gaur eskainiko dituenak. Emanaldiak “Euskal Herrian bertan irteera planak egiteko gonbitea izan nahi luke, etxetik pauso batera askotan konturatzen ez garen altxor paregabeak baititugu”, adierazi du Astiazaranek.
Literatur hitzordua
Heldu den asteazkenean Ernesto Prat Urzainkik Orpoz orpo (Txalaparta, 2014) liburua aurkeztuko du. 18:30ean izanen da, Irurtzungo liburutegian. Antolatzaileek liburua irakurrita joateko gonbitea luzatu dute. Pratek sasian zegoela ekin zion klandestinitatea, sexua eta umorea nahasten dituen kontakizun “pitoa” idazteari. Protagonistak, Karlosek, ihesari ekin behar dio Guardia Zibilak herrian egindako atxiloketa batzuk direla medio. Nafarroan hasi eta Euskal Herritik oso urrun bukatuko den alde-egite eroan, aberriaren edo sozialismoaren militante baino sexuaren militante den Karlosek inguruan dauzkan guztiak dantzan jarriko ditu: laguntza emanen dioten kideak, poliziak, Erakundea... Hala, bada, estutzen doan bidean, iheslariak orpoz orpo izanen ditu poliziak, atxiloketa, espetxea, heriotza eta erlojua.
Euskal Ekitaldietako beste hitzorduak
Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi
Abenduaren 20an, larunbatean, 21:30ean Iratxo elkartean bertso afaria. 15 €. Ikasleak eta langabetuak 10.
Euskarak 365 egun lip-duba
Abenduaren 21ean, igandean, 10:00etan.
Lip-duba, ITB eta Gure Esku Dago
Abenduaren 29an, astelehenean, 18:30ean eta 19:00etan kultur etxean.