Irurtzungo abesbatza eguberriei kantari

Guaixe 2014ko abenduaren 26a

Larunbatean, 19:30ean Irurtzungo elizan eta igandea, 12:50ean, Kasedako elizan. 

Gabon kantekin eta obra erlijiotsuekin osatu du eguberri kontzertuko egitaraua Irurtzungo Abesbatzak. Emanaldian koruak Guerrero organo-jole zangozarraren eta Marta Huarte soprano eskiroztarraren laguntza izanen du. Fermin Idareta zuzendariak esan digunez, “oso pozik gaude, Antonio eta Marta gurekin aritzearekin, musikari eta pertsona apartak direlako. Oso aberasgarria izan da guretako haiekin kontzertua prestatzea, oso adeitsuak direlako eta asko lagundu gaituztelako. Nahiz eta konpromiso ugari izan, gurekin kontzertua prestatzeko denbora atera dute, eskertzekoa da”. 

Urteurrena 
Abesbatza ohiturarik ez zegoen herrian haren hazia erein zuten hainbat irurtzundarrek duela 9 urte. Fermin Idaretari proposatu zioten taldearen zuzendaria izatea eta bitan pentsatu gabe baietza eman zuen. 15 irurtzundarrek abiatu zuten egitasmoa. Irurtzunen eta inguruko herrietan eskaintzeko errepertorioa prestatzea izan zen aurreneko egitekoa. 

Emanaldi horiei esker herri haietako herritar batzuk Irurtzungo Abesbatzarekin bat egitea erabaki zuten. Gaur egun abesbatza irurtzundarrez aparte Hiriberriko, Satrustegiko, Ihabarreko, Irañetako, Uharte Arakilgo, Erize-Itzako eta Iruñeko 43 kidek osatzen dute. Idaretak argitu digunez, “konpromiso handia duen taldea da, eta giroa ezin hobea da. Abestea gustatzen zaie eta gero eta gehiago ikasteko eta hobeki egiteko ahalegina egiten dute. Entseguetako asistentzia ia erabatekoa da”.

Urtero egitasmo berrietan parte hartuz, jarduera dinamikoa du Irurtzungo Abesbatzak. Hala, duela hiru urte Atarrabiako abesbatzen I. ekitaldian parte hartu zuen. Iaz Etxarriko eta Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzekin eta Haize Berriak bandarekin batera aritu zen Fran Idaretaren Taupadak ikuskizunean. Irurtzungo Orritz dantza taldeak antolatutako Nafarroako dantzari egunean parte hartu du aurten. Bestalde, Nafarroako beste abesbatza batzuekin elkar-trukeak egin dituzte ere.

Egitaraua 
Kantua                   Egilea/moldatzailea
Los peces en el río    Luis Elizalde
Olentzero                Javi Busto
Oh, Holy night         Adolphe Adam
Noche de paz           Herri-kanta
Hator-hator             Herri-kanta
Mesias Sarritan        Herri-kanta
Aita Gurea               Aita Donostia
Ave verum corpus    W.A. Mozart
Pie Jesu                  Lloyd Weber
Aleluya                   Haendel