Irurtzundarrek udalaren aurrekontua osatzeko lau egitasmoren artean aukeratu dezakete

Guaixe 2015ko urt. 23a, 11:05

Bihartik otsailaren 1era arte zortzi tokitan utzi daitezke inkestak, baita heldu den urterako egitasmo proposamenak ere. Irurtzundarrek argibide orria etxean jaso dute

Bosgarren urtez aurrekontu parte-hartzaileen prozesua martxan da Irurtzunen. Joan den urtean jasotako proposamenetatik abiatuta lehen aukeraketa egin zuen talde eragileak lastailean. Abenduan hainbat talde eta kolektiborekin elkarlanean (269 irurtzundar) proposamenak orraztu eta herritarrei lau proposamen aukeran jartzea erabaki zuten: Plazaolako zubia konpontzea, gimnasioa egokitzea, karpa bat erostea edo igerilekurako sarbidea hobetzea.

Bihartik aurrera, bederatzi egunez, interesgarrien edo beharrezkoen iruditzen zaien proposamenaren aldeko boza emateko aukera izanen du. Horretarako kutxak Tahona, Mª Jesus elikadura, Lorena fruta-denda, Erosle, udaletxea, liburutegia, jubilatu elkartea eta Pikuxar. Aukeraketa papertxoan 2016rako proposamenak ere egin daitezke. Lau proposamenetatik babes gehien jasotzen duenak Irurtzungo Udalari aurkeztuko zaio aurtengo aurrekontuan sar dezan. 

Proposamenak

A) Plazaolako zubia

Batetik, zubi gaineko zorua konpondu, harriak zaharberritu eta ingurua txukunduko litzateke eta, bestetik, zubia pasata Artadiako bidearekin lotzen duen bidea berreskuratzea. 

B) Gimnasioa

Kiroldegiko bi gela batu lirateke, lokal bakarra egin eta etorkizunean gimnasio bihurtuko litzatekeena. Igeltsero, zurgin, beira, zoru, pintura, klimatizazio eta bestelako lanak eginen lirateke. 

C) Karpa

Karpa bat erosi herriko taldeek eta kolektiboek hainbat jarduera egin ditzaten. Proposamenak aurrera eginez gero, erosi aurretik, interesa duten pertsonek eta kolektiboek baldintzak, ezaugarriak, kokalekua, kudeaketa eta funtzionamendua landu eta hitzartu beharko lituzkete. 

D) Igerilekuko sarbidea hobetzea 

Kiroldegitik igerilekurako bideko zorua hobetzea eta sendotzea, maldak eta sarrera gurpildun aulkiendako eta haurren aulkitxoendako hobetzeko, errazteko.  

Proposamenez

Irurtzundarrek egindako proposamen asko hainbat arrazoirengatik bidera ezinak dira: dirutza eskatzen dutelako (igerileku estaliak…) edo udalaren eskumenekoak ez direlako (adinekoendako eguneko zentroa, institutua). Proposamenak egiterakoan bideragarriak izatea eta ahalik eta zehatzen adieraztea eskatu diete irurtzundarrei talde eragiletik. Proposamenak aukeraketa txartelean idatzi daitezke edo preparirurtzun@gmail.com helbidera bidali.

Joan den urtean aukeratua izan zen proiektua, Atakondoa eskolako aldagelak, aurten gauzatuko du udalak. Bestalde, aurreko lau parte hartze prozesuetan jasotako hainbat proposamen ere egin dira, bai kostu gutxikoak zirelako, bai berehala egiteko modukoak zirelako. Horregatik, talde eragiletik irurtzundarrak proposamen eta iradokizunak egitera animatu dituzte.