Aizpeak, Irurtzungo euskaltzaleen topaguneak larunbatean itxi du indartzeko egin duen berritze prozesua. Azken bi hilabeteetan Irurtzungo makina bat euskaltzalerekin harremanetan jarri dira topaguneko kideak. Irurtzunen eragile euskaltzale baten beharra nabarmendu dute haietan. Aldi berean, aspaldiko kezka ere adierazi zieten: taldeak berritu beharra zuela, jende berria sartu beharra zegoela. Izan ere, egungo kideek urte luzeen jardunaren ondoren nekatuta daudela adierazi dute aspaldi.
Bilera errondak emaitzak izan ditu eta herritar talde batek Aizpea Irurtzungo euskaltzaleen topagunearen gonbiteari heltzea erabaki du. Orain arte Aizpeak antolatutako ekintzak eta lan ildoak jarraituko dituzte. Larunbat arratsaldean egin zuten azken bileran trantsizio aldia nolakoa izanen den zehaztu zuten.