Kin-Ball, kirol berria Atakondoan

Guaixe 2015eko otsailaren 11

Kooperazioa, hezkidetza, integrazioa, joko garbia eta biolentziaren gaitzespena baloreak lantzen dituen kirolarekin poz-pozik daude ikasleak

Irurtzungo Atakondoa ikastetxean kirol berri bat lantzen hasi dira: Kin-Ball. Aipatu modalitatea Mario Demers soin heziketa irakasleak asmatu zuen Kanadan 80. hamarkadan eta helburu nagusia ikasleak baloreetan heztea da. Bere araudian ondoko baloreak lantzen dira: kooperazioa, hezkidetza, integrazioa, joko garbia, emakumeen parte-hartzea eta biolentziaren gaitzespena. Eta horretaz gain, joko arin eta dibertigarria da.

Kirol hori Irurtzungo Atakondoa ikastetxean lantzen dute. Bertan soin heziketa irakasten 5 urte daramatza jatorriz Jaengoa eta Iruñeko bizilaguna den Manuel Iznaola. “Atakondoara iritsi nintzenean Kin-Ball jokatzeko materiala bazegoen jada. Nire lankide Xabi Lizeagak berrikuntzak gustuko ditu, eta materiala lortu zuen. Horrela, gure klaseetan Kin-Ball kirola lantzen hasi ginen duela lau urte. Baina araudiari inguruko zalantzak genituen. Interneteko azalpenak ez ziren nahikoa eta Espainiako Kin-Ball Sport Elkartearekin (AEKBS) jarri ginen harremanetan. Eurek Kin-Balla sustatu nahi zuten eta hona etorri ziren orain dela bi hilabete. Atakondoan, Iruñean, Gasteizen… egon ziren” azaldu digu Iznaolak. Elkartekoek araudi guztia zehatz eta mehatz azaldu zieten Atakondoakoei, eta, horretaz gain, Nafarroako hainbat ikastetxetako irakasleei kirolari buruzko formazioa eskaini zieten.

Dena onurak
Manuel Iznaolak onurak besterik ez dizkio ikusten Kin-Ball kirolari. “Lehiakortasun handiko kirolak gustuko ez dituzten neska-mutikoendako kirol erakargarria da hau. Futbola, saskibaloia eta halako kiroletan bere tokia aurkitzen ez dutenek Kin-Ballean aurkitzen dute. Eta baita neskek ere. Izan ere, talde kirola da. Talde guztiak batera lan egin behar du, pertsona batek bakarrik ezin baitu baloi erraldoia mugitu eta jokaldirik egin. Gainera, guztiek parte hartzen dute, guztiek jaurtiki behar dute baloia” gaineratzen du Iznaolak. “3 talde lehiatzen dira: beltza, arraza guztien parte hartzea edo integrazioa azaldu nahi du, grisa, herri guztien batasuna adierazi nahi du, eta arrosa, emakumeen parte-hartzearen balorea adierazi nahi du” dio irakasleak.

Parte-hartzaile guztiak sentitzen dira garrantzizko
Atakondoan bi orduz jarraian lantzen dute soin heziketa. Kin-Balla unitate didaktiko moduan lantzen dute Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak eta Derrigorrezko Bigarren Mailakoak. Baloiarekin kontaktua izan eta gero partidak egiten dituzte, 5 saio ingurutan. Iznaolak dio ikasleek oso gustuko duten kirola dela. “Arauen errespetua horren handia da inor ez dela kexatzen. Ez dago keinu txarrik. Erabateko talde lana da. Kirol honek engantxatzen du jokalari guztiak sentitzen direlako garrantzitsu, inor ez baita nabarmentzen. Batek bakarrik ezin du baloia kontrolatu, laguntza behar du, eta inork ezin du pasibo egon” azpimarratzen du.

Eskolaz kanpoko jarduera bilakatu nahi dute
Hirugarren hiruhilabetekoan talde mistoen arteko barne txapelketa bat antolatu nahi dute Atakondoan. “Neska-mutikoak kirol honetara engantxatzea nahi dugu. DBHkoak hurrengo ikasturtean Iruñeko Biurdanara joango dira eta bertan Kin-Ball eskaini daitekeen aztertzen ari gara. Izan ere, Kin-Ball harrobia sortu nahi dugu, etorkizunean taldeak sortu eta Nafarroan ligaxka antzeko bat antolatzea posible izateko. Gaur egun, Atakondoa ikastetxeaz gain, San Juan de la Cadenan, Ermitagañan eta Jose Maria Huarte ikastetxeetan lantzen dute Kin-Balla. Ea posible den. Egun ez dago Kin-Balla egiten duen talde heldurik eta ea gutxinaka bidea egiten dugun.
Kin-Balla hedatzea nahiko luke Iznaolak, hurrengo ikasturtean Irurtzunen eskolaz kanpoko jarduera izatea. Horretarako lanean daude.

Kin-Ball kirolaz
Kin-Ball jokatzeko 4 pertsonaz osatutako 3 talde behar dira, talde mistoak badira hobe, laukizuzen formako aretoan. Eta jakina, kin-ball baloi erraldoia, 122 zentimetroko diametroa duena. Markagailua ere berezia da, hiru taldek parte hartzen dutelako. Taldeen helburua ahalik eta puntu gehien pilatzea da, eta puntuak gainontzeko taldeek falta egiten dutenean lortzen dira. Baloiaren jabetza duen taldeak erabakitzen du zein talderi jaurtikiko dion baloia, eta aurretik berari jaurtiki behar diola esango dio. “Omnikin arroxa” esango du talde arroxari bota behar badio. Eta nahiz eta baloia gora edo horizontalean jaurtiki, baloia lurrera erortzeko helburuarekin jaurtikiko du. Jakina, beste taldeak baloia lurrera joatea ekidin beharko du eta baloia kontrolatzen saiatuko da. Baloiak lurra jotzen badu, baloia jaurtiki duen taldeak eta euren txanda itxoiten dagoen beste taldeak puntu bana lortuko dute. Aldiz, taldeak baloia kontrolatzen badu, erasotzaile izatera pasako da, eta 10 segundoko tartea izango du baloia aukeratzen duen taldeari jaurtitzeko, hori bai, taldeari aurretik abisatuta. Araudiak dioenez, puntu gehien duen taldeari bota behar zaio baloia, beti. Estrategiaz betetako jokoa da.

Talde batek baloia jaurti ahal izateko, talde horretako jokalari guztiak baloiarekin kontaktuan egon beharko dute, baloia eutsi, finean. Normalean, hiru jokalarik baloi erraldoia eutsiko dute eta laugarrenak kolpatuko du. 13 puntu lortzen dituen lehen taldeak “periodo” delako bat lortuko du, eta 3 periodo lortzen dituen taldeak irabaziko du partida.