Aitzina eta Ernai gazte erakundeek Gazte Martxa antolatu dute apirilaren 3tik 5era. Herria mugarri, gazteok martxan! Lemapean martxak Lekunberri, Irurtzun, Berriozar eta Iruña izanen ditu geldialdiak. Hiriburura Aberri Egunerako iritsiko dira. Mendian barnako ibilaldia eginez lotuko dituzte herriak eta hiria. Martxak gazteak “elkar ezagutu, elkar harremandu eta elkarrekin eztabaidatu eta gozatzeko” aukera emanen dutela esan dute antolatzaileek.
Irurtzunera aurreneko egunean iritsiko dira eta kanpaldia eginen dute. Antolatzaileek aurreratu dutenez, honakoak izanen dira Irurtzunen: xamurtasun tailerra, Uluka taldearen kontzertua, bertso-olinpiadak, gazte taldeen kontzertu maratoia (www.gazteokmartxan.info atariaren bidez aukeratuko dira), nazioarteko ordezkariekin independentziaren inguruko mahaingurua eta Euskal Herriko prozesu eratzailearen inguruko hitzaldia. Joan den urtean bi gazte erakundeek Altsasun kanpaldia antolatu zuten.