Emakumeen partida ez da 22an bukatu

Guaixe 2015ko mar. 6a, 09:53

XXII. Emakumeari Buruzko Jardunaldiak martxan dira. Ikus-entzunezkoek egitarauaren ardatza osatzen dute.

 

Sexu indarkeria eta emakumeen hilketak gaitzesteko eta prebentzioaren aldeko aldarrikapena egitera joan ziren astelehenean hainbat irurtzundar. Gaztelu plazan egindako Astelehen Lilak kontzentrazioan parte hartuz abiarazi zuten Emakumeari Buruzko Jardunaldien 22. edizioa, martxoaren 8aren inguruan ardaztuta.

Emakumeen Taldeak Irurtzungo Kultur Kontseiluarekin batera antolatu duen egitaraua hilaren 20ra arte luzatuko da. Ikus-entzunezkoek aparteko pisua dute aurtengo jardunaldietan. Asteburu honetan, esaterako, egunero emanaldiren bat izanen da. Bihar, gainera, herri afarian makina bat pertsona elkartuko dira. Ondoren, Lorena Arangoak kafe hizketaldia girotuko du. Iruñera, zinemara, urtero egiten den irteera edota komikietan emakumezkoek duten tokiaz hitzaldia ere iragarri da.

Aurreko urteetan bezala, Irurtzungo antzerki tailerrak bere azken muntaia aurkeztuko du jardunaldien barruan. La pachanda de los amigos Angel Saguesen zuzendaritzapean martxoaren 13tik 15era ikusgai izanen da. Jardunaldia Gazte Txokoan amodio erromantikoari buruz Alicia Pano berdintasun teknikariak gidatutako tailerrarekin despedituko da.

Egitaraua
Martxoak 6, ostirala
20:00etan Irurtzun Telebista eta berdintasunari buruzko film laburrak, Pikuxar euskal txokoan. Sarien zozketa eginen da.

Martxoak 7, larunbata
16:30ean La paradoja noruega. Proiekzioa eta kafe-hizketaldia.
21:30ean Afaria, Iratxo elkartean. Lorea Arangoak kafe hizketaldia girotuko du, Beti bezala.

Martxoak 8, igandea
19:30ean Minerita eta Virgen negra, kultur etxean (dokumental laburrak).

Martxoak 10, asteartea
18:00etan Iruñera Zinemara joateko hitzordua plazan.

Martxoak 11, asteazkena
18:00etan Las mujeres en los comics, una mirada a la actualidad. Liburutegian.

Martxoak 13-15, asteburua
La pachanga de los amigos. Irurtzungo antzerki tailerra.

Martxoak 20, ostirala
17:30etik 19:30era Aurreiritzirik ez, mesedez. Maitasun erromantikoari buruzko tailerra. Gazte-txokoan.