Magnak finalerdietan esan zion agur Kopari

Guaixe 2015ko mar. 16a, 12:12

Final laurdenetan Palma Futsali 2-1 irabazi eta gero, finalerdietan Barcelonak 4-1 hartu zuen menpean talde irurtzundarra

Asteburu honetan jokatu da, Ciudad Realen, areto futboleko Espainiako Kopa. Magna Nafarroa Xota finalerdietaraino iritsi zen, eta itxura paregabea eman eta gero agur esan behar izan zion Kopari, Bartzelona ahaltsuak taldea bidean utzi baitzuen. Baina egindako lanarekin pozik itzuli dira Imanol Arregiren mutilak.

Ostiralean final laurdenak jokatu zituzten, Palma Futsal taldearen kontra. Partida oso lehiatua izan zen eta bi taldeak parez pare aritu ziren. Hasieratik gol aukera bikainak lortu zituzten bi taldeek. Horietako batean, Magnako Victorrek gola sartu zuen, Dani Saldise irurtzundarraren pase bikaina probestuz. Baina Palmak berehala erantzun zuen,  Taffyren gol batekin. Atsedenaldiaren ondoren bi taldeak saiatu ziren baina baloiak ez zuen sartu nahi. Imanol Arregik arriskatzea erabaki zuen eta Victor atezain-jokalari moduan jarri zuen, talde guztia erasora pasatzeko. Horrela, partida bukatzeko 3 segundoren faltan, Carlitosek garaipenaren gola sartu zuen, Magna Nafarroa finalerdietarako sailkatu zuen gola.

Finalerdietan Tuterako Rivera Navarra taldea irabaztetik zetorren Bartzelona talde ahaltsuaren kontra jokatu zuen Magnak, larunbatean. Bi taldeek ikuskizun bikaina eskaini zuten. Partida hasi eta berehala, lehen minutuan, Wildek Bartzelona aurreratu zuen, eta handik bi minutura bigarrena sartu zuen Bartzelonak. Hala ere, Bartzelonak ez zuen etsi eta kontraerasoan Bartzelonari mina ematen saiatu zen. Dani Salide, Jesulito eta Victor saiatu ziren makina bat aldiz, baina ez zuten jokaldia behar bezala amaitzen. Bartzelona ere saiatu zen, baina Magnako atezaina bikain aritu zen. Atsedenaldiaren ondoren gauzek berdin jarraitu zuten. 25. minutuan Magnako Raulek Bartzelonak jaurtikitako penalti bat gelditu zuen, baina 27. minutuan Wildek Bartzelonaren hirugarren gola sartu zuen eta hurrengo jokaldian Rafa Usinek 4-0 aurreratu zuen Bartzelona. Imanol Arregik Victor atezain-jokalari jarri zuen eta Tolràk irurtzungoen lehen gola sartzea lortu zuen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 4-1 galduta Magnak agur esan behar izan zion Espainiako Kopari, itxura bikaina emanez, hori bai.

“Txapelketa ona egin dugu. Final erdian hasierako 5 minututan gaizki ibili ginen eta gero ongi jokatu genuen. Baina Bartzelonari irabazteko bikain aritu behar duzu. Nahiz eta berehala kontrako bi gol jaso, burua altxatu genuen eta borrokan jarraitu genuen. Taldeak aurpegia eman zuen une oro. Jokaldi ugari sortu genituen, Bartzelona baino gehiago jaurtiki genuen atera, baina Bartzelonako atezaina ikusgarri aritu zen. Nahiz eta galdu, taldeak bukaeraraino borrokatu zuen eta harro nago horrekin” adierazi du Imanol Arregik. “Eurek 5 edo 6 milioiko aurrekontua dute eta gu ez gara milioira ere heltzen. Horregatik talde moduan eurek baino hobeagoak izaten saiatu behar duzu, kalitate indibidualean galtzekoa duzulako. Baina ezin da izan” gaineratu zuen irurtzundarrak.

Kopako final handian Jaenek sorpresa eman zuen eta 4-6 irabazi zion Bartzelonari.

Atsedena
Asteburu honetan atsedenaldia izango du areto futboleko lehen mailako txapelketak. 27. jardunaldia martxoaren 28an jokatuko du Magna Nafarroa Xotak. Iruñeko Anaitasuna pabilioian sailkapenean hirugarrena den El Pozo Murcia hartuko du, 20:00etan.