El Pozok ederki zigortu zuen Magna

2-6 irabazi zion Magnari

Magna Nafarroa Xotak zigorra jaso zuen etxean El Pozo Murciaren eskutik. Ligako oilarrak 2-6 irabazi zion Irurtzungo taldeari. Lehen zatian ongi aritu ziren Imanol Arregiren mutilak, baina bigarren zatian egindako akatsek kondenatu zuten Magna.

Magna Xotako jokalariak kontzentratuta atera ziren kantxara. Berehala erasoan hasi ziren Magnakoak, presionatzen, eta El Pozo deseroso aritu zen tarte horretan. Eseverrik gola egiteko aukera bikaina izan zuen, baina El Pozoko atezain Fabiok talde berdeko kapitainaren asmoak zapuztu zituen. Baina handik gutxira Eseverrik ez zuen huts egin eta Magna aurreratu zuen. Magnak erasoan jarraitu zuen baina El Pozoren kalitatea nabaritzen hasi zen eta Murtziako taldeak berdintzea lortu zuen. Hala ere, atsedenaldira 2-1eko abantailarekin joan zen Magna, Victorrek sartutako golari esker.

Bigarren zatian Magnak oso garesti ordaindu zituen egindako akatsak. Defentsa akats baten ondorioz bina berdindu zuen El Pozok eta beste hainbat akatsek El Pozo aurreratzea ekarri zuten. Imanol Arregik atezain-jokalari formula erabili zuen baina ez zuen fruiturik eman eta 2-6 irabazi zuen El Pozok, zigor handiegia.

Imanol Arregik bere taldeak egindako akatsak nabarmendu zituen. “Bi akats potolo izan ditugu bigarren eta hirugarren goletan, eta talde handi baten aurrean hau garesti ordaintzen da. Dena den, emaitzak ez du erakusten kantxa gainean gertatu dena. Baina El Pozo bezalako talde bati irabazteko ezin da kontzentrazioa horrela galdu” aipatu zuen Arregik.

Santa Coloma
Sailkapen orokorrean Bartzelona da liderra (68 puntu) eta Magna Nafarroa Xota 8.a da (40 puntu). Talde irurtzundarrak lehen 8 postuetan sailkatu nahi du, ligako titulua erabakitzeko play-offak jokatu ahal izateko. Ostegunean 28 punturekin sailkapenean 11.a den Marfil Santa Colomaren kontra jokatuko du Magnak, 20:30ean. Ea garaipenaren xenda berreskuratzen duten.