Oliasen buelta bikaina

Espainiako Abiadura Txapelketako Superstock 1000 mailan 12.a sailkatu zen Albaceten

Juan Mari Olias pilotu irurtzundarra bi urte geroago Espainiako Motoziklismo Abiadura Txapelketara itzuli da. Asteburuan zuen lehen proba, Albaceten, eta helburua lortuta itzuli da Irurtzunera.

Pilotu irurtzundarra 2010ean aritu zen Espainiako Abiadura Txapelketan, Stock 600 mailan. Baina babeslerik gabe geratu zen eta maila hori utzi behar izan zuen. Orain, babesle berria lortu duenez, TID enpresa, atzera ere txapelketara itzuli da.

Espainiako Abiadura Txapelketa asteburuan hasi zen, Albaceten. Juan Mari Olias (Kawasaki, Olias Racing Team) Superstock 1000 mailan lehiatu zen, beste 39 piloturekin batera. Helburua txapelketari egokitzea, erritmoa hartzea eta gainontzeko pilotuak ezagutzea zen. Enrique Ferrerrek irabazi zuen proba (23:20). Erdiko postuetan sailkatzea espero zuen irurtzundarrak eta helburua gainditu du, lehendabiziko lasterketan 13.a sailkatu zelako (24:14) eta bigarrenean 12.a (24:06), denbora hobetuz. Hortaz, hasiera bikaina eman dio txapelketari. Txapelketako hurrengo lasterketa maiatzaren 31n jokatuko du, Jerezen.