Magna seigarren postura igo da

Guaixe 2015ko api. 20a, 13:56

Play-offak jokatzeko postuetan segitzen dute Imanol Arregiren mutilek

Helburuari eusten ari da Magna Nafarroa Xota. 2014-2015 denboraldiko titulua erabakitzeko play-offetan jokatu ahal izateko ligako lehen zortzi postuetan sailkatu behar da eta postu horietan dago Magna Nafarroa Xota. Egun seigarrena da talde berdea eta azken bi jardunaldietan garaipen potoloak lortzetik dator.

Ostiralean Tenerifen jokatu zuen Magnak, Uruguay Teneriferen kontra. Hasieratik partida irabaztera atera ziren Imanol Arregiren mutilak eta lehen minuturako Jesulitok Magna aurreratu zuen. Horrek jota utzi zituen Tenerifekoak. Bi taldeek lehia estua izan zuten, baina Carlitosek eta Javier Saldisek 0-3 aurreratu zuten Magna. Tenerifek gol bat sartzea lortu zuen atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatia hasi eta berehala Carlitosek Magnako laugarren gola sartu zuen eta honek esperantza guztiak kendu zizkien Tenerifekoei. Jesulitok eta Murgak Tenerifeko atea zulatzea lortu zuten eta, azkenean, 1-6 nagusitu zen Magna. “Garaipen erosoa izan da” nabarmendu zuen Magnako entrenatzaile Imanol Arregik.  

Magnak Jaen hartuko du ostiralean
Inter Movistar da liderra, 79 punturekin, 8 puntura Bartzelona duela. Magna Nafarroa seigarren postura igo da (49 puntu), eta play-off postuetan jarraitzen du. Ostiralean Magnak 51 punturekin sailkapenean laugarrena den Jaen hartuko du Anaitasuna pabilioian, 21:00etan.