Elikagai Bankuaren alde izanen da bigarren eskuko azoka

Guaixe 2015ko api. 24a, 08:30

Igandean, 10:00etatik 14:00etara, Irurtzungo plazan. 60 familiarendako hiru hilerako esnea eta olioa erosiko dira.

Itxipuru taldeak antolatutako udaberriko bigarren eskuko azoka oraingoa Irurtzunen bertan martxan den egitasmo bat laguntzeko izanen da: Elikagai Bankua. Irurtzunen eta eskualdean premia duten familiei hiru hilabetez esnez eta olioz hornitzeko adina diru ateratzea da helburua. Azokatik pasatzen denak prezio onean denetarik erosteko aukera izanen du. Horretaz aparte, haurrendako ludoteka, taberna, musika eta goiza ederki pasatzeko beharrezko guztiak izanen du.

Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak dira familien egoera aztertu eta Irurtzungo eta Uharte Arakilgo Elikagai bankuen ardura dutenak. Bankura jotzen duten familia gehienak Irurtzungoak dira baina Arakil, Larraun eta Imotz aldekoak ere badaude. Gizarte Zerbitzuetatik jakinarazi digutenez, azken bi urteetan baliabide hori eskatzen duen familia kopurua berdintsu mantendu da: 2013ko martxoan 66 familia edo 206 pertsona (Irurtzunen soilik); 2014ko martxoan 66 familia edo 211 pertsona eta aurtengo martxoan 60 familia edo 200 pertsona.  

Iruñetik jasotzen dute Irurtzungo eta Uharte Arakilgo Elikagai Bankukoek banatu beharreko jakiak. Azken hilabeteetan kopuruak behera egin du eta jasotakoa banatzen dute, baina ez esnerik eta ez oliorik. Azokatik ateratakoarekin bankua bi produktu horiekin hiru hilerako hornitzea espero dute.

Janaren bilketa eta banaketaz boluntario talde bat arduratzen da. Haiekin elkarlanean aritzen dira Gizarte Zerbitzuak. Elikagaiak hilean behin banatzen dituzte. Duela bi urte Irurtzunen 23.732 kilo banatu zituzten. Joan den urtean, berriz, 22.479 kilo (Uhartekoa aparte). Banaketa Gizarte Zerbitzuen aurreko egoitzaren bulegoan egiten da. Nafarroako Gobernuak eraikina zeregin horretarako 2025era arte utzi die.

Bolutario izan nahi?
Norbaitek boluntario izatea nahi badu  639 127 271 telefonora hots egin behar du.

Afaria
Maiatzaren 2an Elikagai Bankuaren aldeko elkartasun afaria izanen da. Ohiko tokietan eman daiteke izena.