Magnak seigarrena despeditu du liga

Guaixe 2015ko api. 27a, 13:38
Javi Eseverrik lau gol sartu zituen.

Imanol Arregiren mutilek 52 puntu lortu dituzte, orain arteko puntu gehienak. Play-offetan El Pozo izango du aurkari

Denboraldi bikaina burutu du Magna Nafarroa Xotak. Ostiralean ligako azken jardunaldia jokatu zen eta Jaen taldea hartu zuen talde berdeak. Partida bikainean, 6-3 irabazi zuten Imanol Arregiren mutilek eta taldearen maila bikaina jarri zen agerian, tartean Javi Eseverri kapitainarena. 37 urterekin sasoi betean dago Eseverri eta bere hanketatik atera ziren Xotaren lehendabiziko bi golak. Izan ere, lehen zatian Magnak dominatu zuen eta izugarri presionatu zuen Jaenen defentsa.

Bigarren zatia lehiatua izan zen. Eseverrik beste bi gol sartu zituen eta Anaitasunako zaleak zutik jarri zituen. Jokaldi korapilotsu baten ondoren Magnako Victorrek txartel gorria ikusi zuen eta ondoren piztutako protestetan Jaengo Solanok beste txartel gorri bat ikusi zuen. Ondoren, Jaenek gola egin zuen baina Carlitosek eta Javi Saldisek 6-1 aurreratu zuten Magna. Jaenek ez zituen besoak jaso eta bi gol sartu zituen epe motzean, baina 6 eta 3ko garaipenarekin despeditu zen partida.

Imanol Arregi entrenatzailea kontentu zegoen. “Denboraldi ikaragarria izan da, marko artean jartzekoa. Aurrekontu gutxiagorekin eta plantilla oso gaztearekin denboraldia bikaina izan da. Jokalariak zoriondu nahi ditut lan ikusgarria egin dutelako” nabarmendu zuen Arregik. Bestetik, Jaenen kontrako garaipena “justua izan zela” adierazi zuen, eta Eseverri goraipatu zuen. “Eseverri bikain egon da. Erretiratzen denean monumentu bat jarri beharko diogu” adierazi zuen Imanolek, kapitainaren lau golak azpimarratuz.

Puntu errekorra apurtu du Magnak
Inter Movistarrek irabazi du liga (79 puntu), Bartzelona (74 puntu), El Pozo (73 puntu), Jaen (54 puntu), Palma Futsal (53 puntu), Magna Nafarroa (52 puntu), Aspil Vidal (51 puntu9 eta Peñiscola (47 puntu) taldeen aurretik. Lehen 8 postuetan sailkatutako talde hauek jokatuko dute ligako titulua erabakitzeko maiatzaren 8an abiatuko diren play-offak. Atzerago sailkatu dira Burela, Zaragoza, Marfil, Santiago Futsal, Montesinos, Levante, Tenerife eta Prone Lugo. Magna seigarrena sailkatu da eta errekorra hautsi du, orain arteko punturik gehienak lortu baititu, 52. Orain arte 49 puntuko errekorra zuen. Guztiagatik kontentu daude Irurtzunen, ligako titulua erabakiko den play-offetara sailkatzeaz gain, puntuazio errekorra gainditu dutelako.  

Play-offetan El Pozo aurkari
Maiatzaren 8an abiatuko dira 2014-2015 denboraldiko areto futbol titulua erabakitzeko play-offak. Ligan sailkatutako lehen 8 taldeek jokatuko dituzte. Lehenik eta behin final laurdenak jokatuko dira, gero finalerdiak eta, azkenean, final handia. Final laurdenetan 3 partidako onenak egingo du aurrera. Magna Nafarroak El Pozo izango du aurkari, Peñiscolak Inter Movistar, palmak Jaen eta Aspil Vidalek Bartzelona. “Fase honetan edozein aurkari da konplikatua, El Pozo tartean” nabarmendu du Imanol Arregik. Hortaz, bi aste hauetan play-offak prestatzeko gogor egin beharko dute lan jokalari berdeek.