Udalaren trantsiozio aurrekontua

Guaixe 2015ko api. 30a, 19:20

18 pertsona kontratatuko ditu aurten udalak.

Irurtzungo Udalak aurtengo 1.892.586 euroko aurrekontua onartu zuen martxoaren 3an egindako bilkuran. Joan den urtean baino 22.500 euro gehiago kudeatuko ditu, beraz, aurten udalak. Txiki Iriarte alkateak azaldutakoaren arabera, bi arrazoirengatik “trantsizio” aurrekontuak dira: garagarrilean udal berria egonen da eta ez da aldaketa handitarako garaia. Legegintzaldiko aurreko aurrekontuetan bezala aurtengoetan ere gizarte zerbitzuetarako, enplegua sortzeko eta taldeendako diru-laguntzetarako diru-sailak mantendu dira.

Aurrekontuko 144.000 euro 18 pertsona kontratatzeko bideratuko ditu Irurtzungo Udalak. Haietako sei Iturraskarri programaren barruan ariko dira urte erdiz. Udalak launa kontratazio eginen ditu Gizarte Enplegu Babestuko programaren bidez eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntzarekin. Igerilekuen sasoirako udalak mantenu lanetarako langile bat eta lau sorosle kontratatuko ditu.

Mantenu lanetarako eta kaleak garbitzeko zuzeneko sei kontratu eginen ditu udalak. Haien egitekoetako batzuk Montikoko bi guneak bateratzea eta Plazaolako zubian eta Artadiako bidean konponketak egitea izanen dira. Azken biak aurrekontu parte-hartzaileetan jasotako proposamenak ziren. Han jasotakoa zen igerilekurako sarbidea hobetzea ere. Horretan saiatuko da udala. Aurreikusitako lanen artean daude honako konpontze eta egokitze lanak ere: Bi Aizpe kalearen atzeko aldeko euri ur eta ur beltzen sarea; Ardubil eta Kale Berrietako galtzadarriak, etxe merkeetako bideko zartadurak eta herri sarrerako biribilgunea.

Diru-sailak
Kultur kontseilua          50.000
Karpa erosi                  35.000
Kiroldegiko aldageletako berogailua berritu   10.350
Kirol jardueretarako diru-laguntzak       20.000
Euskararen sustapena                          11.000
Kirol erakundeendako laguntzak            8.950
Kultur erakundeendako laguntzak          8.500