Magna, play-off-etarako atzerakontuan

Guaixe 2015ko mai. 5a, 10:45
Javi Eseverri kapitainak talde berdearekin bere 600. partida jokatuko du.

El Pozoren kontrako partida ostiralean jokatuko dute, 20:30ean, Anaitasunan. Eseverriren 600. partida izanen da

Imanol Arregiren mutilek ligako titulua erabakiko den play-offetan lan ona egin nahi dute eta horretarako burubelarri ari dira lanean. Play-offetako final laurdenetan Magnak El Pozo Murcia izango du aurkari. 3 partidatara jokatuko da norgehiagoka. Lehendabiziko partida Anaitasuna pabilioian jokatuko da, ostiralean, 20:30ean. Hurrengoa, aldiz, Murtzian jokatuko da eta berdinketa emanez gero hirugarrena ere Murtzian jokatuko litzateke.

El Pozo Murcia da areto futboleko lehen mailako izarretako bat. Magnak baino aurrekontu askoz gehiago dauka, hirukoitza ia, eta hori kalitateko puntako jokalarietan nabaritzen da. Baina Imanol Arregik zuzentzen duen talde berdea ez da oilarren aurrean kikiltzen. Talde irurtzundarrak merito handia du, aurrekontu txikiarekin eta harrobian sortutako jokalariekin seigarrena sailkatu baita ligan, 52 punturekin, orain arte lortutako puntu gehienekin. Talde bikaina sortu du Arregik eta play-offetan aurrera egin nahi dute. Ea etxeko lehen partida honetan lortzen duten.

Eseverriren 600. partida
Play-offetako partida izateak nahikoa emoziorik ez balu, Magnak omenaldia egingo dio bere kapitain handiari, Javi Eseverriri, Otsagikoak 20 denboraldi baitaramatza Xotarekin eta talde berdearekin bere 600. partida jokatuko baitu ostiralean. Magna Nafarroa Xotak omenaldi ekitaldia eginen dio gaur, asteartean.


Ionan Intxustaren aldeko ekimena
Magna Nafarroa Xotak El Pozoren kontrako partida baliatuko du Ionan Intxusta Adot laguntzeko. Ionanek 9 urte ditu, Down sindromearekin jaio zen, sortzetiko kataratak zituen eta urte bat zuenetik West sindromea du, garapen psikomotorea eta atzerapen mentala sortzen diona. Berak behar dituen tratamenduak eta beste laguntzeko partidaren egunean zozketa baterako txartelak salduko dituzte, euro baten truke. Partidaren atsedenaldian Magnako kamiseta, txandala, bufanda eta San Ferminetako zapia zozketatuko dira.

Xotako haurrak Lardero Cup torneoko txapeldunak
Vicente Albisu “Bisu”-k entrenatzen du Xotako haurren mailako taldea. Taldeak LArdero Cup 2015 torneoan parte hartu du eta finalean 2-5 irabazi zion Irabiari, txapelketa eskuratuz.