Magnari play-offak konplikatu zaizkio

Guaixe 2015ko mai. 11a, 11:52

Play-offetako final laurdenetako joaneko partidan 2-5 galdu zuen talde berdeak El Pozo Murciaren kontra. Ostiralean Murtzian jokatuko dute itzulerako partida

Play-offak izugarri zaildu zaizkio Magna Nafarroa Xotari. Ostiralean ligako titulua erabakitzeko play-offetako final laurdenetako partida jokatu zuen Magnak El Pozo Murciaren kontra, beteta zegoen Anaitasuna pabilioian. Partida parez-pare hasi zuten bi taldeek, eta hori izan zen lehen zatiko joera, berdinketara banako berdinketarekin iritsi baitziren. Baina bigarren zatian bere kalitatea erakutsi zuen Magnaren aurrekontua ia hirukoizten duen El Pozo Murcia talde ahaltsuak eta 2-5 aurreratuta ia bideratua utzi du play-offetan aurrera egiteari. Hala ere, oraindik ostiralean Murtzian jokatuko den itzulerako partida geratzen da eta oso zaila bada ere, Irurtzungo taldeak irabazten badu berdinketa hausteko hirugarren partida jokatu beharko litzateke.

Bajek kondenatu zuten Magna
Partida hasi baino lehen omenaldia egin zitzaion Xotarekin bere 600. partida jokatzen zuen Javi Eseverri kapitain handiari. Partida hasi eta 20 segundo eskasetara Carlitosek Magna aurreratu zuen, jaurtiketa indartsu baten ondoren. Baina gutxi iraun zuen pozak, El Pozok berehala berdindu baitzuen. Bi taldeek sekulako aukerak izan zituzten ondoren, baina atsedenaldira berdinketarekin joan ziren. Magnako Carlitos lesionatuta erretiratu egin behar izan zen. Bigarren zatia hasi eta berehala El Pozo aurreratu zen. Magna saiatu zen, baina El Pozok hirugarrena sartu zuen. 26. minutuan El Pozoren laugarren gola iritsi zen. Jokalarien bajek min asko egin zioten Magnari, baina hala ere talde berdeak ez zuen etsi. Tolràk eta Roberto Martilek atezain-jokalari moduan jokatu zuten baina El Pozo izan zen gola sartu zuena, bosgarrena. Partida bukatzeko 3 minuturen faltan Eseverrik talde berdearen bigarren gola sartu zuen eta horrela despeditu zen lehia.

Imanol Arregik adierazi zuenez “taldeak dena eman du, baina gauza asko izan ditugu gure kontra”. Magnak hiru baja garrantzitsu zituen partidarako, eta horri Carlitosen lesioa gaineratu zitzaion. “Taldeak indarrak iraun arte eutsi zuen. Pozik nago eurekin, baina errotazio falta nabaritu dugu. Jokalari batzuk 30 minutu jokatu dituzte. Bi edo hiru kontraerasotan apenas zegoen bigarren zurtoinera iristeko indarrik. Guk hiru aldaketa genituen eta eurek hamar. Akatsak ere egin ditugu, gehienak nekearengatik” adierazi zuen entrenatzaileak.

Itzulerakoan irabaztera derrigortuta
Ostiralean play-offetako final laurdenetako itzulerako partida jokatuko da Murtzian. Magna irabaztera behartuta dago, berdinketa lortu eta berdinketa hausteko hirugarren partida jokatzea ahalbideratzeko. Baina onartu behar da oso zaila dela El Pozo talde handia bere etxean irabaztea. Hala ere, dena emango dute Imanol Arregiren mutilek.