Magnak agur play-offei

Guaixe 2015ko mai. 18a, 08:02

Play-offetako final laurdenetako itzulerako partidan El Pozok 5-3 irabazi zion Magnari

Despeditu da aurtengo denboraldia Magna Nafarroa Xotarendako. Lehen mailako titulua erabakitzeko play-offetako final laurdenetan agur esan behar izan du talde berdeak, itzulerako partidan El Pozo Murciaren kontra 5-3 galdu eta gero. Baina burua oso tente dutela. Izan ere, El Pozo Murcia 3 eta 0 aurreratu zen, baina Imanol Arregiren mutilek hiruna berdintzea lortu zuten. Horrela, berdinketa hausteko 3 minutuetako bi tarte jokatu behar izan zituzten bi taldeek. Hor talde berdeak ez zuen zortea alde izan eta El Pozik 5-3 hartu zuen menpean Magna. Denboraldia bukatu da baina kontentu egoteko arrazoi asko dauzkate irurtzundarrek, primerako lana egin dutelako.

Irabaztea merezi izan zuten
Iruñean joaneko partida galdu eta gero, play-offetan aurrera segitzeko itzulerako partida irabaztera behartua zegoen Magna. Erasora atera ziren berdeak, baina baita El Pozokoak ere. Atsedenaldia baino lehen 3 eta 0 aurreratzea lortu zuten murtziarrek. Magna behine ta berriz saiatu zen, baina zurtoinera joan ziren bere jaurtiketak, edo El Pozokoen atezainaren eskuetara.
Bigarren zatian Jesulitok Magnaren lehen gola sartu zuen eta segidan Marc Tolrák beste bi gol sartu zituen, hirura berdinduz. Horrela, berdinketa hausteko 3 minutuko bi tarte jokatu behar izan zituzten bi taldeek. Lehen tartean berdinketak jarraitu zuen. Baina bigarren tartea despeditzear zegoela Alexek eta Bebek bi gol sartu zituzten eta 5-3 gailendu zen El Pozo.

“Justuena guk irabaztea izango litzateke, baina horrela gertatu da. Azken minutuko jokaldiarekin ez nago batere kontentu, penalty argi bat egin baitziguten eta arbitroak ez zuen ikusi. Talde handien kantxatan beti gertatzen dira halakoak” azaldu zuen bukaeran Imanol Arregi entrenatzaileak. “El Pozo ongi ibili da lehen zatian, baina bigarrenean nire taldeakongi jokatzen jakin du. Hiruna berdintzea lortu dugu eta zorteak bakarrik eman dio garaipena El Pozori”.

Denboraldi bikaina
Hala ere, 2014-2015 denboraldiarekin kontentu egoteko arrazoi asko du Magna Nafarroa Xotak. Aurrekontu eskasarekin eta etxean sortutako jokalariekin seigarrena sailkatu da ligan, play-off postuetan, inoizko puntuaziorik altuenarekin: 52 puntu. Hortaz, merezitako atsedena hartzera eta hurrengo denboraldia mimoz prestatzera tokatzen zaio orain talde berdeari.