Aldaketak Magnan

Guaixe 2015ko mai. 26a, 11:30

Imanolek eta Eseverrik prentsaurrekoa eman zuten. Kapitainak beste urte batez jarraituko du talde berdean.

Eseverrik, Raulek eta Pablok jarraituko dute, Mario eta Murga badoaz eta Marc Tolrák oraindik ez du erabaki

Lehen mailako areto futboleko 2014-2015 denboraldia bukatuta, balantzeak egiteko garaia da orain. Magna Nafarroa Xotan kontentu daude aurten egindakoarekin. “Denboraldia ikusgarria izan da. Birsortzen jakin izan dugu eta kanpaina oso ona egin dugu, ligan gure klubak orain arte lortu dugun puntuazio gehiena lortuz. Play offetara sailkatu ginen, baita Kopara eta ditugun baliabideekin hori asko da. Kontuan hartu behar da bigarren mailan aritu ere ez diren 5 jokalarirekin hasi genuela denboraldia, harrobian sortutako jokalariekin, 4 irurtzundar tartean, bertako plantilla teknikoarekin eta baliabide ekonomiko geroz eta txikiagoekin” adierazi du Magnako entrenatzaile Imanol Arregik.

Talde irurtzundarra hurrengo denboraldiari begira dago. Denboraldi bukaeran gertatu ohi denez, aldaketak egongo dira talde berdean. Ez dena aldatuko taldeko kapitaina izango da. Javi Eseverrik 21. denboraldia burutuko du klubean, Xotarekin beste urte baterako berritu baitu. “Fisikoki ongi jarraitzen dut eta esperientzia soberan daukat. Hortaz, taldeari ahal dudan gehien ematen jarraituko dut. Indarrak jarraitzen duten bitartean jarraituko dut” adierazi zuen Otsagiko kapitainak. Raulek eta Pablok Arregik zuzentzen duen klubean jarraituko dute ere, Imanol Arregiren esanetan denboraldi ona egin dutelako. Aldiz, Mariok eta Murgak ez dute Xotan jarraituko eta Marc Tolrák jarraituko duen ez da jakinen Bartzelonak denboraldia bukatu arte. Izan ere, Tolrá Bartzelonakoa da eta klubak hurrengo denboraldirako Tolrá berreskuratzeko aukera baitu.