Bi haitz pean, parte hartzeari eskainitako jaialdia

Guaixe 2015ko mai. 29a, 12:57

Larunbatean, 19:30ean, Irurtzungo kiroldegian Irurtzungo herritarren parte hartze aberatsaren eta herriko taldeen eta kolektiboen jardunaren isla izanen da jaialdia. Sarrera doan

Irurtzunen elkartegintzaren eta haren dinamika aberatsaren eta biziaren isla izanen da bihar emanen den Bi haitz pean jaialdia. Kultura, kirol, elkartasun, immigrazio eta bestelako taldeetan ari diren pertsonen artean, parte hartuz eta elkar-lanean, prestatu dute jaialdia. Biharko emanaldiarekin herriko kolektiboen arteko parte hartzeari bultzada ematea eta hura lantzea lortu nahi da. Bide batez, garai bateko eta oraingo istorioen bitartez, parte hartzearen edota elkartasunaren moduko balioen garrantzia nabarmentzea.

Irurtzundarrek prestatu duten jaialdiak hamar zati ditu, eta guztietan parte hartzen duten kolektiboetako kideek jokatzen dituzte. Hamar saio horiek josiko dituen hari muturra, ikuskizuna bideratu eta beharrezko kohesioa emanen diona garai bateko eta gaur egungo parte hartzea izanen da. Guztia irurtzundar eta arakildar askorendako leku adierazgarria eta magikoa den Bi haitz pean kokatuta. Guztiek ere eskarmentua badute. 2012ko garagarzaroaren 2an, Trinitate festetan, helburu bera zuen beste jaialdi bat antolatu zuten: Ortzadarraren Zinta Dantza jaialdia. Orduan bezala bihar ere ikuskizun anitza eta, nola ez, parte-hartzailea eskainiko dute.

160 parte-hartzaile baino gehiago

Arte plastikoak, Beti Orritz Fanfarrea, Txikien dantza eskola, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Irurtzungo Abesbatza, Irurtzungo antzerki tailerra, Iskidi, Musika Eskola, Orritz dantza taldea, Trikitixa taldea, txalapartariak eta Txistulari taldea. Jokalari horietaz aparte, hura antolatzen laguntzaile talde bat dago.