Guztiak berdin; guztiak arroz

Guaixe 2015ko eka. 5a, 09:37

 

Larunbatean, 10:00etatik aurrera arroza prestatzeko errezeta berriek Irurtzungo kultur aniztasuna erakutsiko du.

Arroza Senegalgo, Gambiako, Venezuelako, Argentinako, Marokoko eta Irurtzungo erara prestatzen ikasteko eskola aparta bihurtuko da bihar Irurtzungo plaza. Irakasleak telebistako izarrak izan beharrean irurtzundarrak beraiek izanen dira. Taldetxoetan, bakoitzak bere erara, arroza jendaurrean prestatuko dute eta nahi duenak errezeta eta bestelako osagaien erabilerari eta bestelakoei buruz galdetzeko aukera izanen du.

Prestatutako arroz guztiak dastatzeko aukera izanen da bukaeran. Biharko ekimenaren helburuetako bat hori baita: “irurtzundarren arteko topagunea sortzea”. Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuko Bego Zestau Baraibar teknikariak azaldu digunez, “irurtzundarrak elkar ezagutzeko eta harremanetan jartzeko gunea bihurtuko da plaza. Irurtzungo kultura aniztasuna, aberastasun hori erakutsi nahi zaio mundu guztiari”. Elikagai unibertsal bat baliatuko da horretarako, arroza. Gozatzeko gonbitea.

Zestauk jakinarazi digunez, sukaldari taldeekin batera, sentsibilizazio panelak, zuzeneko musika, Lorena Arangoarekin kale animazioa, haurrendako joko berezia eta bestelako sorpresak izanen dira. Munduko Arrozak ekimenaren zazpigarren edizioa da aurtengoa.