Gazteendako Ur Festa Goxoa

Guaixe 2015ko uzt. 2a, 08:04

Gaur, 21:00etatik 23:30era, igerilekuan

Ur Festa Goxora gonbidatuak daude Irurtzungo 12 urtetik gorako gazte guztiak. Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen bidez gauez zabalduko dira gazteendako igerilekuak. 21:00etan afaltzeko gazteek euren ogitartekoa eraman beharko dute eta alkoholik gabeko edari bana jasoko dute hura bulkatzeko. 21:30etik 23:30era igerilekuan bainua hartu eta disko-festaz gozatzeko aukera izanen dute gazteek.

Ur Festa Goxoaren bidez gazteei une dibertigarriak eskaini nahi zaie. Sakanako herri gehiagotan errepikatuko den ekimena, Gozamenez programaren zati dira. Sakanako Gozamenez Koordinakundeak gazteei sexualitatearen ikuspegi positiboa, errespetuzkoa, plurala eta aberasgarria eskaini nahi die. Gozamenez programak gazteen artean sexualitateari buruzko hausnarketa eta arlo ezberdinen inguruko eztabaida sustatzea du helburu. Horregatik, publikoak eta ohikoak diren espazioetan sexualitatearen presentzia azaldu nahi du.

Egutegia
Garilak 2, osteguna, Irurtzun
Garilak 9, osteguna, Etxarri Aranatz
Garilak 16, osteguna, Altsasu
Garilak 23, osteguna, Lakuntza
Garilak 30, osteguna, Uharte Arakil