Festetan emakumeen kontrako erasoak ekiditeko kanpaina indarrean

Guaixe 2015ko uzt. 16a, 18:11

Erraldoiak udaleko pankartaren azpian.

Oskia Ollakarizketak Orritz dantza taldeko kideak eta Aitor Lakuntza alkateak Irurtzungo festei hasiera emateko txupinazotik bertatik hasita, sexu erasoen kontrako mezua presente dago Irurtzungo festetan. Erasorik gabeko festa, gozamen handiko festak leloa zabaldu zuten.

Festetan emakumeen kontrako erasoak ekiditeko kanpaina Gizarte Zerbitzuen eta Irurtzungo Udalaren ekimena da. Joan den urtean egin zuten estreinakoz eta esperientzia positiboa izan zen. Hala ere, kanpainaren mezuak irurtzundarrei eta bisitariei errepikatzeari garrantzia eman diote. Alde batetik, festa giroan emakumezkoen eta gizonezkoen artean errespetua bultzatzea. Bestetik, gazteen artean ematen diren harremanak berdintasunean oinarritzea. Eta, azkenik, argi ea garbi nabarmentzea festetan ematen diren gehiegizko kontsumoek ez dutela inondik ere jarrera sexistak justifikatzen.

Udaletxeko balkoian Ezetz ez da, festak errespetutik disfrutatu leloa zuen pankarta zintzilik zegoen. Antzeko mezuak dituzten txapak, kartelak, pegatinak herrian barna zabaldu dituzte.