Udako tailer eskaintza euskaraz

Guaixe 2015ko uzt. 23a, 15:59
Aurreko urte batean Aizpeak antolatutako tailerretako argazkia.

Aizpeak, Irurtzungo euskaltzaleen topaguneak, agorrilerako hiru tailerreko eskaintza prestatu du. Haurrei zuzendutakoa da lehen eskaintza. Agorrilaren 3tik 14ra arte, 11:00ak eta 13:00ak bitartean, joko, tailer eta bestelakoekin primeran pasatzeko aukera izanen dute Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailan ari direnak. Egun eta garai berean, Udako konkistatzailea esperientziarekin gozatuko dute izena ematen duten LHko 3. eta 6. mailan ari diren ikasleak. Hilaren 30era arte eman daiteke izena Martxueta liburu-dendan 20 euro ordainduta.

Agorrilaren akaberan, 25etik irailaren 2ra arte, botxa txapelketa izanen da, Aizpeak antolatuta. Irurtzungo euskaltzaleen topaguneak antolatutako azken tailerrak Irurtzun Telebistarekin (ITB) du lotura. 7 eta 14 urte bitartekoei zuzenduta dago tailerra. Agorrilaren 31 eta irailaren 8a bitartean, 11:00etatik 13:00etara, ITBrekin zerikusia duen guztia ikasteko aukera izanen dute. Parte hartzeko Martxueta liburu-dendan eman behar da izena, agorrilaren 17tik 26ra bitartean.