Magnak etxean hasiko du denboraldia

Guaixe 2015ko ira. 11a, 10:58

Palma Futsal taldearen kontra jokatuko du Anaitasuna pabilioian, gaur, ostiralean, 20:30ean

Lehen mailako Areto Futbol Txapelketako 2015-2016 denboraldiari gaur ekingo zaio. Magna Gurpea Xotak Palma Futsal taldea hartuko du gaur, ostiralean, 20:30ean, Anaitasuna pabilioian. Talde berdea denboraldia hasteko ilusio handiz dabil. Helburua ahalik eta hobekien lan egitea da, lehen 8 postuetan sailkatu eta play-offetarako sailkatzeko.

Magna Gurpea Xotaren aurkezpena
Asteartean egin zuen 2015-2016 denboraldiko aurkezpena Magna Gurpeak. Aurreko denboraldiko taldea ia osotasunean mantentzen du Imanol Arregi entrenatzaileak, soilik hiru baja izan baitira: Tolrá, Murga eta Mario. Horretaz gain, Javi Saldisek utzita jokatuko du Zamoran. Bajak konpentsatzeko, hiru alta izan dira talde berdean: Araça –duela bi urte talde berdetik Qatar eta Azerbaiján aldera joan zena–, Rafa Usin –Magnatik aurreko urtean Bartzelonara joan zen eta aurten talde berdera itzuli da, utzita–eta Tomoki Yoshikawa japoniarra. Haiekin batera Asier Llamas eta Raul Jimenez atezainak eta Victor, Jesulito, Carlitos, Roberto Martil, Dani Saldise, Eseverri eta Pablo Ibarra jokalariak ariko dira lanean, Imanol Arregi entrenatzailearen eta Migel Hernandez bigarren entrenatzailearen aginduetara. Talde berdetik Asier Llamas, Roberto Martil eta Dani Saldise dira irurtzundarrak, Imanol Arregi entrenatzailearekin eta klubeko presidente Tatono Arregirekin batera.

Imanol Arregi entrenatzaileak azaldu zuen taldea “denboraldia hasteko gogo askorekin” dagoela. “Arerio gogorraren kontra hasiko dugu denboraldia, Palma Futsalen kontra. Ongi ari gara entrenatzen, baina denboraldi hasieran beti duzu zerbait falta ote zaizunaren sentsazio hori” azaldu zuen teknikariak. Denboraldia oso lehiatua izango dela aurreikusten du Imanolek. “Oso kontentu nago gure taldearekin. Arerio guztiak ere berrindartu dira eta azken hiru urteko ligarik lehiatuena izango delakoan nago. Lehendabiziko 8 postuetan sailkatzeko lehia handia izango da. Gure plantilarekin kontentu nago, berrindartu garelako. Aurreko urteko plantila baina hobeagoa dugu, baina aurreko urtekoa lortzea zaila izango da, aurreko denboraldia benetan denboraldi bikaina izan zelako” aitortu du Imanolek. Javi Eseverri kapitain beteranoak bere 21. Denboraldiari ekingo dio talde berdearekin.