Atzera ere punteria falta

Guaixe 2015ko ira. 14a, 09:06

Magna Gurpeak 3 eta 4 galdu zuen Palma Futsalen kontra

Denboraldia etxean mustu zuen Magna Gurpea Xotak. Irurtzungo taldeak Palma Futsal hartu zuen. Palma Futsal ez zen Magna Gurpea baino gehiago izan, baina euren aukerak ongi aprobetxatzen jakin izan zuen, talde berdearen atean punteria ona izan zuen eta jokoan zeuden hiru puntuak lortu zituen, Magna Gurpeari 3 eta 4 irabazi eta gero. Aldiz, Magna Gurpeak gol aukera gehiago izan zituen baina ezin izan zuen kontrako atean behar bezala asmatu, gehienbat punteria faltagatik, baina baita Palmaren atezain Barrónen lan bikainagatik.

Palma Futsal 0 eta 2 aurreratu zen 17. minuturako. Araçak markagailuan gerturatzean lortu zuen, baina atzera ere Palma 1 eta 3 aurreratu zen. Rafa Usinek 2 eta 3-koa sartu zuen eta Javi Eseverrik hiruna berdintzea lortu zuen. Behin eta berriz saiatuz en Irurtzungo taldea, baina baloiak ez ziren kontrako atean sartzen. Bi taldeek atezain-jokalariaren formula erabili zuten partida bukaeran, baina jokaldia soilik Palmari atera zitzaion ongi, baloi bat lapurtu ondoren hutsik zegoen Magnaren atean euren laugarren gola sartu baitzuen, garaipenarena.

Atean asmatzea, bi taldeen arteko diferentzia
Imanol Arregi bere taldeak huts egindako jokaldiengatik kexatzen zen partida bukaeran. “Eurek kontrako atean asmatu dute eta guk ez. Hori izan da bi taldeen arteko diferentzia. Horretaz gain, orokorrean uste dut partida ona egin dugula” adierazi zuen teknikariak. Arregiren esanetan “ez zen galtzeko moduko partida. Hiruzpalau akats potolo egin ditugu, baina eurak ez dira gu baino hobeak izan. Orain, lanean jarraitzera eta Santiago taldean pentsatzera” gaineratu zuen entrenatzaileak.

Hurrengo arerioa: Santiago Futsal
Sailkapen orokorrean Catgas E. Santa Coloma da liderra, 3 punturekin. Magna Gurpea 13.a da, punturik gabe. Larunbatean, 21:00etan, Santiago Futsalen kontra ariko da Magna Gurpea, Galizian.