Hiru puntuak ihes egiten utzi zituen Magna Gurpeak

Guaixe 2015ko ira. 21a, 14:42

Azkenean launa berdindu zuen Santiago Futsalen kontra

Magna Gurpeak Santiago Futsalen kontra jokatu zuen Galizian. Irurtzungo taldeak partida irabazteko aukera galtzen utzi zuen, atsedenaldira aldeko 1 eta 3-ko aldearekin joan baitzen, baina bigarren zatian Santiagoren erreakzioa iritsi zen eta azkenean partida lauko berdinketarekin despeditu zen.

Lehen zatian talde berdea egin zen partidaren kontrolarekin. Nahiz eta Santiago aurreratu, Jesulitok, Rafa Usinek eta Carlitosek 1 eta 3 aurreratu zuten Magna Gurpea. Baina atsedenaldia eta gero, galiziarrak esnatu ziren. Magna Gurpeako atezain Raulek ezin izan zituen Melen eta Quintelaren jaurtiketak gelditu eta hiruna berdindu zuten bi taldeek. Bukaerako uneak eromena izan ziren. Eseverrik talde berdearen laugarren gola sartzea lortu zuen, baina azkeneko unean Santiago Futsalek berdintzea lortu zuen.

Imanol Arregi oso kritiko azaldu zen bere taldearekin. “Lehen zatian nagusi izan gara, baina bigarren zatian partidan sartzen lagundu diegu, lehen uneetan bi akats potolo egin ditugu eta horren ondorioz sartu dira partidan. Hortik aurrera partida paretsu egon da eta edozein talde gailendu ahal zen. Guk utzi ditugu puntuak” adierazi zuen Irurtzungo teknikariak.

Lehen mailako areto futbol txapelketako liderra Bartzelona da, 6 punturekin. Magna Gurpea 10.a da, puntu bakarrarekin. Ostiralean talde berdeak puntu bakarra duen Burela Pescados Ruben taldea hartuko du Anaitasuna Pabilioian, 20:30ean.