Gurelurrek Ergako ermitako telefonia antena ilegala salatu du

Guaixe 2015ko ira. 27a, 12:43

Ergako trinitate ermitan dagoen Telefonia antena.

Gurelur elkarteak herrietan eta natur guneetan telefonia antenak legez kanpo jarri direla salatu du. Haietako bat Trinitateko Erga ermitan dago. Eraikinak ondare historiko-artistiko izendapena du. Ingurumenaren zaintzan lan egiten duen elkarteko kideek jakinarazi dutenez, enpresa bakar batek jarri ditu, Nafarroako Gobernuaren oniritzirik gabe eta halakoak arautzen dituen Azpiegitura Lurralde Planari jaramonik egin gabe.

Gurelur kexu da Nafarroako Gobernua eta udalak jakinaren gainean daudela. Eta Guardia Zibilaren Seprona atalaren salaketa ere badu foru administrazioak. Antenak kentzea dagokien departamentuei haiek kentzeko eskatuz salaketa aurkeztu zuen Gurelurrek agorrilean.

Harridura
Alkatetzan dagoen EH Bilduko Eduardo Murugarren Frances zinegotziak esan digunez, “antena duela sei edo zortzi urte dago jarrita, ermitaren atzeko aldean, Iruñerrira begira;, ez da asko ikusten”. Horregatik, hainbeste denboraren ondoren salaketaren berri izateak harridura sortu du. Bestetik, Murugarrenek zehaztapen bat egin nahi izan du: “Ergako Trinitatea ermita Itza zendeako Aginagako lurretan dago”.