Eseverrik azken unean eman zion garaipena Magna Gurpeari

Guaixe 2015ko ira. 28a, 13:44

Talde berdeak 2 eta 1 hartu zuen menpean Burela. Bihar Errege Kopako partida jokatuko du Magna Gurpeak

Imanol Arregik zuzentzen duen taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Anaitasunan, azken unean Eseverri kapitainak sartutako golari esker. Burelaren kontra aritu zen talde berdea, eta nahiz eta Magna hobe aritu, kontrako atean asmatzea kostatu zitzaion beste behin.

Ongi hasi ziren gauzak Magna Gurpearendako. Eseverrik Magna laugarren minutuan aurreratu zuen, Yoshikawak ateratako corner bat bikain erantzun eta gero. Bikain jokatu zuen talde berdeko japoniarrak. Baina berak eta bere taldekideek punteria falta nabaria erakutsi zuten, makina bat gol aukera alferrik galtzen utzi baitzuen Magnak. Atsedenaldia baino lehen Burelak bana berdintzea lortu zuen, penaltyz. Bigarren zatian Burela estutzera atera ziren Imanol Arregiren mutilek. Gol aukerak bata bestearen atzetik sortu zituen Magnak, baina baloiak ez zuen sartu nahi. Horretaz gain, Burelak defentsa lan bikaina egin zuen. Eta txirrina jotzear zegoenean beste behin Eseverri etorri zen taldea salbatzera, garaipenaren gola sartu baitzuen azken unean. Urrezko hiru puntu lortu zituen Magnak.

Bartzelona da lehen mailako liderra, 9 punturekin. Magna Gurpea Xota 7. postura igo da, 4 punturekin. Aste honetan bi partida dituzte aurrez aurre irurtzundarrek. Asteartean Errege Kopako partida jokatuko du Magna Gurpeak Narón taldearen kontra, A Coruñan. Eta larunbatean Madrilen jokatuko du Magnak, 18:30ean, ligako oilarretako baten kontra, sailkapenean bigarrena den Movistar Inter taldearen kontra.