Ricardinhok Magna Gurpearen asmoak zapuztu zituen

Guaixe 2015ko urr. 5a, 10:45

Munduko jokalari onenak azken unean garaipenaren gola lortu zuen Inter Movistarrendako

Magna Gurpea Xotak Inter Movistarren kontra jokatu zuen larunbatean Madrilen. Ligako oilarretako bat da Inter, puntako taldea duena. Tartean dago munduko jokalaririk onena dela esaten dena, Ricardinho. Eta berak zapuztu zituen Irurtzungoen asmoak.

Bi taldeak gogo askorekin atera ziren kantxara. Interrekoek partida bere aldera eman zuten berehala, bigarren zatian Borjak Inter aurreratu baitzuen. Arbitroak Interren atezaina aldageletara bidali zuen ustez arearen kanpotik baloia eskuekin ukitu zuelakoan. Atsedenaldia baino lehen Eseverrik eta Araçak 1 eta 2 aurreratu zuten Magna Gurpea. Bigarren zatian Movistarrekoak aritu ziren finago. Cardinalek bina berdindu zuen. Movistarrek dominatzen jarraitu zuen eta Ricardinhok bi gol sartu zituen jarraian, Inter 4 eta 2 aurreratuz. Imanol Arregik atezain jokalari formula aplikatu zuen. Horrela, Rafa Usinek gola sartu zuen, baina Interrek 5 eta 3 aurreratzea lortu zuen. Azken une horietan dena eman zuten Magnakoek eta Eseverrik eta Jesulitok bosna berdintzea lortu zuten. Tamalez, bukaerako txirrina jotzear zegoenean Interreko Ricardinhok Magnaren atea zulatu zuen eta garaipenaren gola lortu zuten madrildarrek.

Imanol Arregi entrenatzailea penatuta zegoen azken segundoetan galdu izanagatik. “30 segundoren faltan ihes egin digu partidak, arbitroak seinaleztatu ez duen eta gure aldeko falta argia den jokaldi batean, gainera. Bigarren zatiko hasieran hobeto aritu dira beraiek, baina ez dut uste dominatzaile argiak izan zirenik. Oso partida serioa egin dugu eta merezi genuen puntu batek ihes egin digu” adierazi zuen Irurtzungo teknikariak.

Bartzelona da lehen mailako areto futboleko liderra (12 puntu), Inter Movistarrekin berdinduta. Magna Gurpea Xota 9.a da (4 puntu). Larunbatean Magna Gurpeak 3 punturekin sailkapenean 11.a den Elche Alverola hartuko du 18:30ean, Anaitasuna pabilioian.