Bitartekaritzaren alde busti

Guaixe 2015ko urr. 15a, 16:01
Arropa asko saldu zen igandeko azokan. Argazkia: artxiboa.

Foru plazak hartu zuen, beste behin, Itxipuru taldearen 2. eskuko azoka. Udazkeneko egun betean euria txikia izan zen gonbidatua. Horrek jendea etxean bertan goxo egotera eta kalera jende gutxiago ateratzea ekartzen du, eta igandean hala izan zen. Bestetik, azokak tamaina txikiagoa izan zuen. Antolatzaileek azokak behar duen azpiegitura guztia behar bezala antolatzeko nahikoa lagun ez zituela ikusi zuen ostiralean eta tamaina txikiagokoa egitea erabaki zuen. Hala, azokan, arropa, liburuak eta beste zenbait objektu izan ziren.

Bigarren eskuko azokak bidea egina du eta edizio guztietan bezala irurtzundarren eta bisitarien bilgunea bihurtu zen atzera ere. Euria gora-behera, giro polita sortu zen plazan. Ohikoa den bezala, taberna, haurrendako jolasak, henna marrazkiak eta lagundutako proiektuari buruzko informazio kanpaina izan zen. Igandeko azokako etekinak, 850,25 euro, Sakanako Mankomunitatearen Immigrazio Zerbitzuaren Kultura-arteko Bitartekaritza Zerbitzuaren (KBZ) segida bermatzera bideratu zen. Haren bidez
sakandarren arteko ongi ulertzea sustatzen da.

Afaria
Proiektua laguntzeko lastailaren 24an, larunbatean, afaria izanen da Iratxo elkartean. 22ra arte eman daiteke izena.